Herrikoa, 25 urtez ekonomia sustatzen

Ipar Euskal Herriko 4.261 lagunek hartu dituzte akzioak Herrikoa arrisku kapitaleko sozietatean, tokian tokiko ekonomia bultzatzeko. Osasun onean dago Herrikoa, 25 urteak ospatzean.

ENEKO BIDEGAIN
2007ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Iaz 1.365 enpresa sortze zenbatu zituen Baionako Merkataritza Ganberak. Enpresa sortze kopurua gora doa urtetik urtera. Gehienak txiki-txikiak dira. «Herrikoa ez da arrotza dinamismo horretatik», erran zuen atzo Maurice Touraton Baionako Merkataritza Ganberako lehendakariordeak, Herrikoa arrisku kapitaleko sozietatearen 25 urteen ospakizun ekitaldian. «Urtebetetze hau aukera ona da Herrikoa bide-erakusle izan zela eta haren sortzaileek intuizio ona ukan zutela azpimarratzeko».

Oraingo ohoreak orduko erasoak ziren. Duela aste batzuk, Patxi Noblia Herrikoa-ko lehendakari ohiak gogora ekarri zuen Herrikoa sortu zutenean Frantziako administrazioaren traba anitz jasan zituztela. Euskal Herriko Laborantza Ganberak jasaten dituen «erasoen» salatzeko prentsaurreko batean erran zuen hori, oroitaraziz Euskal Herriko Laborantza Ganberaren helburua ezagupen ofizial baten lortzea dela.

Hogeita bost urteko lanaren ondotik, Ipar Euskal Herriko erakundeek eta administrazioak Herrikoa-ko bertako «paisaia ekonomikoaren parte» dela aitortzen dute. 80ko hamarkadan, ordea, haizeak ez zuen alde beretik ufatzen. Abertzaleak ziren Herrikoa bezalako sozietate baten beharra ikusten zuten bakarrak. Abertzaleek baizik ez zuten defendatzen Euskal Herrian lan egiteko eskubidea.

Gogoeta luzeen fruitua izan zen Herrikoaren sorrera, 1980ko udazkenean. 70eko hamarkada bukaeran, krisia ekonomikoak bete-betean jotzen zuen Ipar Euskal Herria. 1978an berrogeita hamar bat enpresek itxi zituzten ateak, mila langilez gora langabezian utziz. Langile kualifikatuak Euskal Herritik kanpora joaten ziren lan egitera, Euskal Herrian bertan ez zutelako lanik. Enpresen erabakiguneak Euskal Herritik kanpo zeuden, eta Ipar Euskal Herrian kualifikazio apaleko langileak baizik ez zituzten hartzen.

Euskal Herrian aurrezten zen diruaren erdia Euskal Herritik kanpo inbertitzen zen, 1979an. 6.000 milioi libera (914 milioi euro)arrezten zen bankuetan. Abertzaleek egin hainbat gogoeten ondotik, Hemen elkartea sortu zen. «Autonomiarik ez zitekeen izan, indar ekonomikorik gabe», idatzi zuen Enbata astekariak. Hemen elkarteak garapen ekonomikoa bultzatzea zuen helburu. Hortik abiatu zen Herrikoa sozietatea. 70eko hamarkadan sortu ziren kooperatiben eta enpresen esperientzia funtsezkoa izan zen, baita ere Arrasateko mugimendua.



ENPRESAK LAGUNDU. Herrikoaren helburua Ipar Euskal Herrian aurrezten zen dirua Ipar Euskal Herrian bertan inbertitzea zen, garapen ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko. Tokian tokiko enpresak garatzen lagunduko zituen, eta gazteei enpresa berriak sortzeko behar zuten mailegua eskainiko zien. Kapital emendatze dei bat egin zuten, eta 699 akziodunekin abiatu ziren. Urtetik urtera, hainbat kapital emendatze egin zituzten, eta gaur egun 4.261 akziodun daude, eta 2,5 milioi euroko kapitalarentzat. Akziodun gehien-gehienak herritarrak dira, hala nola 3.933. Hots,Ipar Euskal Herriko biztanleen %1,6 da Herrikoa-ko akziodun. «Gutxi da, baina aldi berean anitz!», dio Herrikoak. Bederatzi erakunde publikok, aldiz, kapitalaren %21a daukate. Bost banku edo aurrezki kutxek, %10, eta 314 enpresek %15. Urte askotako lanaren, une zailen eta gorabeheren emaitza da gaur egun daukaten ezagupen hori.

Herrikoa hasi zenean, Euskal Herrian lan egin nahiko zuketen enpresek ez zuten bankuen mailegurik aise lortzen. Eta gainera, Herrikoa bezalako erakunde bat ez zen zilegitzat hartua. 1988an, Parisko Burtsaren Operazio Batzordeak Herrikoa auzitan ezarri zuen, hari baimenik eskatu gabe kapital emendatze kanpaina bat egiteagatik. Herrikoa-ko kideen arabera, egitura horrek inoiz ez zuen onartuko Herrikoa bezalako egitura bat sortzea, egitura txikiegia zelako. Egitura horrek Herrikoari akziodun guztiei dirua itzultzea eskatu zion, erranez akziodunei iruzur egiten ziela. Akziodunek erran zuten ez zutela diru hori gibelera bildu nahi. Auzitegiak Herrikoari eman zion arrazoi.

Bere txikitasunean, prestigioa ere lortu du. Alternative Economique aldizkariak Inbertsio etiko eta elkartasunezkoen gida argitaratzen du. Herrikoari lau izar eman dizkio, eman daitekeen gehiena. Geroztik, gisa bereko beste herri inbertsio etikoak ere sortu dira, Herrikoak lagundurik. 2.500 bat enplegu sortzen lagundu du Herrikoak, eta sare ekonomiko askotarikoa eraiki.

 

Enpresaren bizitzako etapa guztietako laguna



Herrikoak lau laguntza mota eskaintzendizkie enpresei,sortzetik garatzeraino
E. B.

Baiona

Enpresaren ontasun garbiak azkartzen laguntzea da Herrikoaren helburua. Enpresek arazoak ukan ditzakete epe luzeko inbertsiotarako, bankuen maileguak lortzeko. Zenbat eta ontasun garbi gehiago ukan, orduan eta aiseago eta merkeago lortuko dute mailegua. Zenbat eta diru gehiago ukan, orduan eta gehiago mailegatzen ahalko dute, enpresaburuak orduan eta diru garantia gutxiago eskaini beharko du. Halaber, bankuen dependentziatik askeago izateko ahala ematen die ontasun garbi horrek enpresei.

Herrikoak enpresak laguntzen ditu ontasun garbi hori handitzeko. Gazte batek enpresa sortu nahi badu edo enpresari batek enpresa handitu nahi badu eta bankuan mailegua lortzeko kapitala falta badu, Herrikoak laguntzak eman ditzake, ontasun garbi hori handitzeko. Herrikoak prestatutako euro bakoitzak fintzaketa hamar aldiz handiagoa eragin du. Hots, Herrikoak enpresa bati gisa batez edo bestez eman laguntzari esker, enpresa horrek banku bateko mailegua lortzeaz gainera, Herrikoak eman baino hamar aldiz gehiagoko mailegua lortu du.

Herrikoak 7,6 milioi euroko finantzaketak eskaini ditu 25 urtez. Zati handiena Lapurdin inbertitu du, hala nola 6,1 milioi euro. Baxenabarren 498.000 euro ezarri ditu, eta 938.000 euro Zuberoan. Hots, Lapurdin 174 enpresa lagundu ditu, Baxenabarren 20 eta Zuberoan, aldiz, 28. Enpresa gehienak 10 langileetik beherakoak dira. Edozein enpresa mota laguntzen du, hala nola ofizialeenak, saltzaileenak, zerbitzuak edo industrialak.

Sortzen diren enpresen kapitalean parte hartzea da aukeretariko bat. Kasu guztietan, Herrikoak akzio kopuruaren gutxiengoa ukaitea du printzipio, eta parte hartzea 4 urtetik 7 urtera mugatzen du. Beste aukera, dirua ohiko mailegu bat bezala prestatzea da, eta enpresak hiru eta bost urte bitarteko epea du diru horren itzultzeko. Herrikoak enpresak sortzen, garatzen eta berregituratzen laguntzen ditu, eta baita enpresaren transmisioa antolatzen ere.



ERRONKAK. Herrikoaren lanari esker, bankuak aiseago hasi dira enpresak laguntzen, eta instituzio politikoak (Akitaniako Eskualde Kontseilua bereziki), enpresen laguntzeko proiektuetan sartzen dira, Herrikoarekin batera.

Datozen bost urteei begira dago, orain, Herrikoa. Hiru norabideren arteko hautua egin beharko du. Lehen aukera, orain arteko bide beretik jarraitzea da. Bigarrena, prestamu parte hartzaileak egitea, norbanakoen enpresak laguntzeko edo kanpoko partaide bat sartzea nahi ez duten enrpesa familialak sostengatzeko. Hirugarren aukera, bost urteko epean urtean banatzen diren laguntza kopurua bikoiztea da, hala nola 400.000 eurotik 800.000 eurora pasatzea.

Herrikoaz gain, gaur egun, Herrikoaren gisako egiturak ere ari dira. Bultza elkarteak urtean 30 enpresa laguntzen, interesik gabeko maileguak emanez. Emazteentzako, gazteentzako eta zuberotarrentzako laguntza bereziak ematen dituzten taldeak ere sortu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.