Kataluniako Legebiltzarrean CiUk, ICVk eta ERCek gobernuaren zerga ituna onartu izanak herrialdea itzuli ezinezko bidean sartu duela sinetsita dago Ferran Requejo (Bartzelona, 1951) Pompeu Fabra Unibertsitateko Politika Zientzietako irakasleak. Espainiako Gobernuak proposamena atzera botako duela ziurtzat jo du, baina, CiUk ezezkoaren inguruan autodeterminazioaren aldeko hautua egingo duelakoan dago. Izan ere, ezer ez egitearen aukera amaituta dago, Requejoren hitzetan.
PSCko hauteslerik gehienak zerga itunaren alde egonda ere, alderdiak ez du babestu Kataluniak zerga sistema propioa izateko proposamena. Zein izango da ezezkoagatik ordaindu beharko duen prezioa?
PSCk aukera on bat galdu du,PSOEtik aldendu eta alderdiaren profil katalanista indartzeko.PSC krisi sakonean murgilduta dago, gainera: ez du diskurtsorik, ez proiekturik eta ez lidergorik ere. Beti PSOEren mesedetan jardun izanak maldan behera jarri du PSC. Inkesta guztien arabera,beherakada nabarmena jasango du bozetan, eta legebiltzarreko bigarren postua ere galtzear egon daiteke. Diskurtsoa aldatzen ez badu, garesti ordainduko du.
PSCko sektore katalanista, beraz, bigarren mailan geratu da, beste behin.
Nik esango nuke PSCren barruan une honetan ez dagoela sektore katalanistarik. Ez daude antolatuta, ez dute jarrera irmorik, ezta proiekturik ere. Ez dira alderdiaren agintaritza hartzeko prestatzen ari.
Dena den, ez da espero zerga itunak aurrera egiterik. Beraz, zer lortu nahi du gobernuak hilda jaio den proiektu horrekin?
CiUren asmoa da lehendabiziko aldiz finantza eredua aldatzea proposatzea. Bost finantzaketaeredu eduki ditugu, eta horietako bakar batek ere ez du konpondu gaur egun pairatzen ari garen arazo endemikoa. Kataluniaren ogasun propioa eskatzera dator. Eta, beste behin, Kataluniako Estatutuarekin gertatu bezala, atea ixten badigute, beste bide batzuk proposatuko ditu CiUk, oraindik zehaztu gabekoak.
Eta, ezezkoaren inguruan, zein bideri jarrai diezaiokeCiUk?
Lehenik eta behin, aliantzak aldatzea. PPrekin orain arte izan duen harremana hautsi, eta jokaleku apurtzaileago batera jo dezake, estatu propio bat osatzeko ideiaren ildotik. Hauteskundeak deitzea litzateke beste bide bat, eta, gaur, —atzo— zerga ituna babestu duten alderdiekin gobernu bat osatzea: ERCekin eta ICVrekin. Azken alderdi horrekin elkartzea, dena den, ez da oso gertagarria, ez baitute CiUren gizarte politikekin zerikusirik izan nahi. Edozein modutara, gobernuaktrantsiziorako bidea hartuko duela uste dut, EB Europako Batasunaren barruan estatu propio bat sortzeko haustura horretara bideratua.
CiUk autodeterminazioaren aldeko bidea gidatuko duela uste duzu?
Zerbait egin beharra daukate, hori ziur. Ezin dute datozen hauteskundeetara orain arteko mezu berdinarekin aurkeztu. Zerga itunaren filma ikusi dugu; beraz, beste zerbait eskaini behar digute. Independentziaz hitz egin gabe, estatu osorako autogobernu bat proposa dezake EBren baitan. Autodeterminazioaren bidean, proposamen anbiguoago bat, alegia. Baina joera argia da, norabide aldaketa hor dago. Ez da izango, ziurrenik, 180 graduko biraketa bat, baina bai norabide aldaketa bat, orain arte egin dutenarekin alderatuta.
PPk adierazi du herritarrengan frustrazioa sortuko duela zerga itunak aurrera ez egiteak. Ituna babestu duten alderdiek, hain justu, ez al dute frustrazioa sortu nahi?
Ez, nik uste dut zerga ituna aurrera eramateko sortu dutela. Hemen, arazo estruktural lotsagarri bat pairatzen dugu, zerga espoliazioa, eta arazo hori bukatzeko proposamena da. Noski, alderdiek jakin badakite oso zaila izango dela Espainiak hori onartzea. Beraz, bide horrek huts egiten badu, eta nik uste dut huts egingo duela, gobernuari arrazoi gehiago ematen dizkio bere jarrera legitimatzeko nazioartearen aurrean. Zerbait egin beharra dago, ezer ez egitea ere erabaki bat baita. Iraganean porrota eragin duen erabakia da, hain zuzen ere.
Zerga ituna independentziarako lehen urratsa dela esan du Independentziaren Aldeko Herrien Elkarteak. Proposamena onartuz gero, ordea, ez ote du kontrako efektua izango?
Bai, zalantzarik gabe. PPk baietz esango balu, independentisten kopurua jaitsi egingo litzateke. Beraz, ez litzateke independentziarako lehen urratsa, guztiz aurkakoa baizik. Espero bezala ezetz esaten badute, independentisten kopuruak gora egingo du.
Azken hilabeteetan, hain zuzen, gora egin du independentziaren aldeko jarrerak Katalunian. Zerk eragin du gorakada?
Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari ezetza eman izanak ekarri du paradigma aldaketa, hein handi batean, jendeak ikusi duelako itunaren bidetik Espainiako alderdiekin, PPrekin nahiz PSOErekin, ez dagoela irtenbide konstituzionalik. Herritarrak ohartu dira, ituna posible ez bada hausturara jo behar dela, gauden bezala Kataluniaren nortasuna desegiten ari delako.
Ferran Requejo. Politika Zientzietako katedraduna
«Herritarrak ohartu dira ituna posible ez bada hausturara jo behar dela»
Zerga itunak ez du aurrera egingo, Requejoren esanetan, baina Espainiako Gobernuaren ezetzak Kataluniara bestelako etorkizun bat ekarriko du, autodeterminazioaren bidetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu