«Bizkaia hidrogenoaren hub (operazio zentro) bihurtzen saiatuko gara, erregai berde eta jasangarri honen nazioarteko erreferente». Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak hala laburbildu du zertarako den Foru Aldundiak eta Petronorrek gaur aurkeztu duten proiektua. Helburua da hidrogenoaren garapen industrial eta teknologikoa erraztu eta industria prozesuetan zein mugikortasunean ohikoen ordezko erregai gisa sustatzea, «trantsizio energetikoari bultzada bat emateko».
Horretarako, hidrogenoa ardatz izango duen zentro bat sortuko dute Energy Intelligence Centerren (EIC), Abantoko Teknologia Parkean. Hidrogenoak hainbat sektoreri eskaintzen dizkien aukerak erakusteko eta garatzeko balioko du horrek, gaur azaldu dutenez; besteak beste, ibilbide luzeko garraioan, aire garraioan eta etxebizitzen bero sorkuntzan erabil daiteke gas hori.
Proiektua babesteko, Petronorrek EICra eramango ditu bere bulego nagusiak, baita Edinor filialarenak ere; 2.000 metro koadroko instalazioak izango dituzte. Han, hidrogenoarekin lotutako teknologien garapenean lagun dezaketen enpresez inguratzea da asmoa, enpresetako I+G unitateak eta teknologia zentroak erakartzea.
Etorkizuneko helburuak
Hidrogenoa eta haren bidez sortutako erregai sintetikoak deskarbonizatzeko zailak diren sektoreetarako baliagarriak izan daitezkeela uste du, besteak beste, Europako Batasunak. Oraindik ere oso garestia da hidrogenoa ekoiztea, nahiz eta erregai fosilak erabili, baina gero eta gehiago dira ekoizpen garbiago eta merkeagoa lortu nahi duten aplikazioak eta proiektuak.
Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Petronorrek asmoa erakutsi dute erregai horren erabilera bultzatzeko, eta haren bideragarritasuna proban jarriko dute aldundiaren ibilgailu astunetan eta autobusetan. Emiliano Lopez Atxurra Petronorrek presidenteak adierazi duenez, «lankidetza publiko-pribatu honek ibilbide luzeko mugikortasunaren, abiazioaren eta bestelako sektore estrategikoen deskarbonizazioa bultzatuko du».