Hil egin da aurreko astean Artzentalesen larri zauritu zen langilea

Baso lanetan ari zela izan zuen ezbeharra. ELAk salatu duenez, Hego Euskal Herrian aurten 23 langile hil dira lan istripuetan.

Pertsona bat baso lanetan, enborrak mozten, artxiboko irudi batean. OSALAN
Pertsona bat baso lanetan, enborrak mozten, artxiboko irudi batean. OSALAN
asier gonzalez de san pedro
2024ko apirilaren 29a
16:45
Entzun

Joan den asteazkenean Artzentalesko El Paso mendian (Bizkaia) larri zauritu zen 22 urteko langilea hil egin da. ELA sindikatuak azaldu duenez, moztu zituen pinuetako batean trabatuta geratu zen, eta makina batekin pinua mugitzen saiatzean zauritu zen. Beharginak Forestal Bejarano e Hijo enpresarentzat lan egiten zuen. ELAren arabera, Hego Euskal Herrian 23 behargin hil dira aurten.

Basoko lanetan «istripu asko eta larriak» izaten direla nabarmendu du sindikatuak, eta gogorarazi sektore horretako 11 langile hil direla 2021etik. ELAk salatu du basogintzako enpresek ez dietela «garrantzirik» ematen prebentzioari eta langileen prestakuntzari.

Sindikatuak gogora ekarri ditu sektore horretako beharginek jasaten dituzten lan baldintzak: besteak beste, azaldu du pisu astunekin lan egiten dutela, lan karga handiekin eta bizi-bizi, eta makina pisutsu eta arriskutsuak erabiltzen dituztela. Nabarmendu du horrek guztiak handitu egiten dituela lan istripuak eta gaixotasun profesonalak izateko aukerak.

ELAk elkarretaratzea antolatu du biharko, Zallako Euskadi plazan, 12:00etarako. Hildako langilearen gertukoei babesa eta elkartasuna agertzearekin batera, sektoreko enpresen «zigorgabetasuna» eta «erakundeen konplizitatea» salatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.