Europako Batasunak ekainean argitu behar du ea bankuentzako erreskatea zuzena edo zeharkakoa izan ahalko den. Zuzena, diru premia duten bankuek dirua ESM erreskate funts iraunkorrari eskatuta. Zeharkakoa, dirua estatuek eskatuta, gero bankuei uzteko. Gaur egun ez da posible aukera zuzena, zeharkakoa baizik. Espainiaren etorkizuna dago jokoan, eta Espainiarena badago, eurogunearena ere bai. Euroguneko laugarren ekonomia handiena da.
Europako Batzordeak, teorian, argitu du bere jarrera: ESM erreskate funts iraunkorrak zuzenean dirua bankuei uztea aztertzen ari da, eta euroguneko agintariek serio aztertzea nahi du. Hala onartu zuen atzo Olli Rehn Europako Batzordeko Gai Ekonomikoetarako komisarioak. Proposamena ez da berria. Europako Batzordeak iragan astean bertan gomendatu zuen; baina Rehnek egun berean baztertu zuen. Uztailaren 1etik aurrera egongo da indarrean ESM, EFSF behin-behineko funtsa ordezkatzeko.
Jarrera aldaketa zuritzean Rehnek esan zuen bankuen batasuna lortzeko neurrietako bat dela. Europako bankuen batasunaren barruan sartuko lirateke finantza erakundeen kontrol bateratua, bezeroen gordailuak bermatzeko funtsa eta porrot egiten duten erakundeen kudeaketa. Ekainaren 28ko eta 29ko goi bileran aztertuko dute proposamena.
Espainiak dauka bankuei laguntzeko Europako diru zuzenaren premia handiena, Bankiaren eta beste zenbait finantza erakunderen zuloak berdintzeko. Bankiaren dirua uztailean behar du. Aurrena Bankiari zor bonuak, papera, eman nahi zizkion, paper horren truke Europako Banku Zentralak dirua uzteko. Kritikak baino ez zituen jaso. Gero esan zuen dirua merkatuetan zorra jaulkita lortuko duela. Arrisku saria oinarrizko 500 puntutik gora eta interesak %6,5en bueltan, oso garesti aterako zaio. Garestiegi.
Laguntza bai, erreskatea ez
Horregatik, Europaren dirua behar du bankuentzat. Baina Espainiak baldintzarik gabeko laguntza nahi du, erreskate itxurarik gabeko erreskatea, erreskatearen truke Moncloan troikak ere aginduko lukeelako (EB, EBZ eta NDF) eta murrizketa gehiago eta gogorragoak onartu beharko lituzkeelako. Europako Batzordea ere horren alde dago, Espainiaren erreskateak eragin dezakeen hondamendia saihesteko.
ESMren oinarriak aldatzea eta bankuek zuzenean ESMri dirua eskatu ahal izatea da horretarako aukeretako bat. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak eskatu du. Europako Batzordearen, Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF), Europako Banku Zentralaren, Frantziaren eta Italiaren babesa lortu du.
Pierre Moscovici Frantziako Ekonomia ministroak atzo berretsi zuen Frantziarentzat «funtsezkoa» dela bankuen birkapitalizazio zuzena. «Horregatik», gehitu zuen, «espero dut hilaren 28ko eta 29ko goi bileran aztertuko dugula».
Espainiak ez du Alemania konbentzitu, Alemaniak laguntzaren truke neurriak nahi dituelako.Alemaniako Der Spiegel astekariaren arabera, Alemaniako Gobernua Espainiakoa estutzen ari da, EFSFri erreskatea eskatzeko. Alemaniakoak ez du albistea baieztatu edo gezurtatu. Espainiak gezurtatu du.
Hala ere, badira Alemania bere jarrera samurtzen ari dela diotenak ere —The Wall Street Journal—, eurobonuei eta finantza erakundeen merkatu bakarrari planteatzeraino. Betiere, jakina, herrialdeek Bruselari aurrekontuen gaineko kontrol gehiago ematen badiote. Raxoik prest dagoela esan zuen asteburuan.
Alemania da Europako Batasuneko motor ekonomikoa eta erreferentzia nagusia, baina gero eta bakartuago dago, Frantziaren babes baldintzarik gabea galdu duenetik. Alemaniak badaki ezin diola guztiari ezetz esan, gainerako bazkide gehienak, Europako batzordea barne, kontra dituelako.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea Berlinen bildu ziren atzo gauean, hilaren amaierako goi bilera prestatzeko. Bilerara sartu aurretik egindako adierazpenetan ez zuten bien arteko desadostasunei buruz hitz egin.
Merkelek ez zuen luze gabe hartu beharreko neurriei buruz hitz egin. Esan zuen «epe erdira begira» argitu egin behar dela finantza erakundeen gainbegiratze bateratua eta nola jarriko dituzten finantza erakunde nagusiak kontrolpean. Ez zuen aipatu ere egin bankuek laguntza zuzenean ESMri eskatzeko aukera.
Hauteskundeak Grezian
Ekaina, beraz, beste hilabete erabakigarri bat izango da Europako Batasunarentzat. Hil edo biziko horietakoa. Ez bakarrik Espainiak erreskatea jasoko duen edo ez erabakiko delako, baita Greziaren etorkizuna zein izango den argitu daitekeelako ere. Presidentea aukeratzeko hauteskundeak izango dira hilaren 17an Grezian. Emaitzak hankaz gora jar ditzake euroguneko agintarien aurreikuspen eta plan guztiak.
Syriza ezkerreko koalizioa eta Nea Dimokratia eskuineko alderdia dira irabazteko bi hautagaiak. Syriza erreskateen truke onartu behar izan dituzten murrizketen kontra dago. Greziako Gobernuaren eta troikaren arteko akordioak bertan behera uztea planteatzen du, eurotik atera gabe. Europak esan du ez duela onartuko.
Eurogunea krisian
Hilabete jarrerak hurbiltzeko
Europako Batzordea aztertzen ari da herrialdeek erreskaterik eskatu gabe bankuei dirua zuzenean emateko aukera Alemaniarentzat Espainiak erreskatea eskatu behar du bankuei laguntzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu