Arcelor Mittal multinazionalaren Sestaoko ACB altzairutegiko zuzendaritza hasia da jarduerari berrekiteko aukerak aztertzen. Otsailaren 4az geroztik aldi baterako itxita badago ere, langileen eskariz hilean 10.000 tona ekoiztea pentsatzen ari da, argindarrak prezio apalena asteburutan duela baliatuta. Horretarako, hilean bizpahiru asteburutan zabaltzea proposatu dute asteon beharginek.
Aukera hori errentagarria ote den aztertzen ari da orain zuzendaritza, fabrika hilean bizpahiru alditan martxan jartzeak ekoizpen kostuei, bezeroei eta zerbitzuari berari nola eragingo liokeen jakiteko. Proposamena onartzekotan, Arcelor Mittaleko buruen oniritzia ere beharko luke. Langileen batzordeko presidente Juan Carlos Diazi tona "gutxi" iruditu zaizkio, lantegiaren jarduerari berrekitea ahalbidetuko lukeen arren. Nabarmendu du, hori bai, bezeroak ez galtzeko eta lan karga gutxienez bizpahiru astez ziurtatzeko "aukera" izan daitekeela, argindar kostuak murriztuta.
Oraindik, dena dela, goiz da horretarako. "Eztabaidatzeko garaia" dela azaldu du zuzendaritzak: "Merkatua ez da aldatu azken hilabetean. Egoerak kezkagarria izaten jarraitzen du prezioei erreparatuta". Txinako kostu azpiko inportazioek itxi dute Sestaoko ACB, "eperik gabe". Arcelor Mittal jabeak argudiatu du altzairutegia ezin dela lehiatu Txinako ekoizpenarekin, %30 merkeago delako. Sestaoko 335 langileek hilabete daramate aldi baterako enplegu erregulazioan.