Etxebizitza

Hipoteka berriak urritu egin dira Hegoaldean, 2014tik lehen aldiz

Lau lurraldeetan %2,5 egin dute behera, eta Nafarroan gehien: %9,4. Hipotekekin bezeroek eskuratu duten batezbestekoa 122.079 euro da.

Etxebizitza bat salgai. GORKA RUBIO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko otsailaren 27a
13:12
Entzun

Eten egin da azken urteetako joera. 2014. urtetik lehen aldiz, behera egin du hipoteka berrien kopuruak Hego Euskal Herrian. %2,5 gutxiago izan ziren iaz, 2018koekin konparatuta. Bereziki Nafarroan nabaritu da gehien, %9,4 jaitsi baitira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, pixka bat igo da: %0,6.

Hipoteken interes tasak azken bost urteetako mailarik apalenean egoteak ez ditu animatu bezeroak. Baliteke etxebizitzak garestitu izanak zerikusia izatea horrekin.

INE Espainiako Estatistika Institutuak eman ditu datuok. Iaz, etxebizitzak erosteko 22.570 hipoteka eman zituzten bankuek Hego Euskal Herrian, 2018an baino 337 gutxiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 18.278 hipoteka berri sinatu ziren, aurreko urtean baino 109 gehiago. Nafarroan, berriz, 446 gutxiago. Guztira, 4.292.

2011n hasi ziren hipotekak nabarmen gutxitzen, eta 2014an jo zuten behea: 15.719 sinatu zituzten. 2015. urtetik aurrera hasi zen goranzko joera. Urte hartan, %20 ugaritu ziren hipoteka berriak, baina hurrengo urteetan apalagoa izan zen joera —2016ko %8,6tik, 2018ko %4ra—. Iazkoak dira lehenengo zifra negatiboak azkenengo bost urteetan.

Hipoteken interes tasak, berriz, inoizko apalenetarikoak dira orain ere, nahiz eta 0,03 puntu igo diren 2018tik. Iaz, %2,46 zen batez beste. 2014an, %4,13. Euriborra, berriz, zero azpitik dago 2015az geroztik (-%0,356, iazko abenduan).

Hipoteka motei dagokienez, interes tasa aldakorrekoak dira nagusi: %57k dute halako bat. Baina urtetik urtera nabarmen egin dute gora interes finkokoek: iaz %43k zuten, eta 2015ean %10ek.

Bezeroek eskuratu duten hipoteken zenbatekoaren batez bestekoa 122.079 euro da. 2016an eta 2017an, 125.000 euro zen. Krisiaren aurretik, 2008an, 157.000 euro. Batez beste, 21 urterako hipotekak dira; hor ez dago aldaketarik azken hamarkadan.

Salmentak behera, prezioak gora

Pentsa zitekeen interes tasa baxuek hipoteka berriak ugaritzea ekarriko zuela, baina ez da hala gertatzen ari. Etxebizitzen prezioak garestitu izana izan liteke gakoa hori ulertzeko.

Etxebizitzen salmentetan nabari da atzeranzko joera; lehen aldiz egin du behera 2013az geroztik. INEren datuen arabera, 25.080 etxebizitza salerosi ziren 2019an, 2018an baino 1.272 gutxiago (-%4,8). Hipotekekin bezala, ikus daiteke merkatuak indarra galdu duela urteek aurrera egin ahala.

Oso bestelako joera dute prezioek. INEk hilabete barru emango ditu 2019 amaierako datuak, baina urteko hirugarren hiruhilekoan ikusten da eskaera jaisteak eragin mugatua izan duela prezioetan.

Horrela, urtebetean %4,8 garestitu dira etxebizitzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %3,1 berriz, Nafarroan. Edonola ere, salneurriak oraindik oso urrun daude krisiaren aurreko kopuruetatik.

INEk dio krisialdia hasi aurretik baino %26 merkeago daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %38 merkeago Nafarroan. Alde handiak daude herri batetik bestera eta hirietako auzo batetik bestera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.