Hipoteka lege berria

Hipoteka garestiagoak urte hasieratik hona

Zoru klausulengatik itzuli beharreko diruarengatik eta gastu zenbait orain bere gain hartu behar dituztelako, hainbat bankuren eskaintzetan handitu egin dira interes tasak, komisioak eta lotura eskariak.

Irune Lasa.
2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mailegu emaileek interes tasa garestiagoko hipoteka eskaintzekin erantzun diete epaitegiek agindutako ordainketei eta aldaketekin datozkien kostu berriei. Interes tasak eta hipoteka sinatzearen gastu guztiak hartzen dituen UTB (urteko tasa baliokide) handiagoak ikusten dira merkatuan urte hasieratik hona, eta beste jauzi bat gertatua da martxoa iristearekin; hala ikusten da, behintzat, euren eskaintzak publiko egiten dituzten entitateetan.

Finkoen eskaintza gertatu da prezio igoera handiena. Adibidez, BBVAk 10 puntu handitu ditu hipoteka finkoen UTBak otsailetik martxora, %2,08tik %3,08ra 20 urteko maileguan, %3,24tik %3,34ra 25 urtekoan eta %3,55etik %3,65era 30 urtekoan. Eta hipoteka aldakorretan ere BBVArena izan da garestitzeetako bat ekarri duena, diferentziala %0,99etik %1,15era igo baitu otsailetik martxora, bere hipoteka aldakor merkeenean.

Den den, interes eta diferentzialez gain, finantza entitateek badute beste biderik ere diru gehiago eskuratzeko: komisioak handitzea da horietako bat. Komisio garestiagoak hipoteketarako, eta baita hipotekari lotutako beste produktuetarako ere. Izan ere, gero eta gehiagotan beste hainbat produkturengatik ere ordaintzera behartua dago mailegu hartzailea.

Aseguruak, pentsio planak, txartelak, auto aseguruak eta, eskaintzaren batean, alarma baten kontratazioa ere bai... dena hipotekarekin batera. Azkenaldian, estrategia horri gero eta indar handiagoz heldu diote entitateek, besteak beste, norbanako bankaren negozioa hipotekez haratago dibertsifikatzeko. Europatik iradoki izan zaie dibertsifikatzeko behar hori, hipotekekiko horrenbesteko mendekotasuna izan ez dezaten. Eta noiz aukera hoberik, norbait mailegu eske bulegora hurbiltzen zaienean baino?

Hipotekaren hartzaileak, berez, ez du inongo obligaziorik halako produkturen bat kontratatzeko. Hipotekatutako etxebizitzak derrigorrean izan behar du aseguru bat, bai, baina ez du zertan izan mailegua ematen duen entitatearena.

Hala ere, gaur egun zaila da bankuaren beste produkturen bati lotu gabeko hipoteka eskaintza bat aurkitzea. Egon badaude, baina oso gutxi dira, eta, haien interesak ez dira oso lehiakorrak. Praktikan, baldintza horiek bete ezean, hobaririk gabeko UTB askoz handiagoak izaten dituzte hipotekek.

Kelisto.es webgunearen arabera, gaur egun Espainian eskaintzen diren hipotekek bankuarekin beste lau produktu kontratatzea eskatzen dute batez beste, interes merkeagoa nahi izatekotan. Hobari horiek gabe, eskainitako interes tasa puntu bat handiagoa ere izan daiteke.

NOMINA ETA DIRU SARRERAK





Nomina helbideratzea da hipoteka mailegu merkeagorako baldintza orokortuena. 2016an eskainitako hipoteken %95,6tan eskatu zen nomina bankuan izatea. Eta, praktikoki, horrekin batera dator lehen baldintza handia: gutxieneko diru sarrera bat izatea. Kutxabankek, esaterako, hilero 3.000 euro edo hortik gorakoak diren nominak helbideratzea eskatzen du bere hipoteka eskaintza onenetan. BBVAk, berriz, hileroko 1.500 euroko diru sarrerak titular batentzat, edo 2.000 euro bi titularren kasuan.

TXARTELAK





Debitu eta kreditu txartelak kontratatzea ere izan daiteke hipotekarako taxuzko interes bat lortzeko baldintza. Txartel horiek komisioak izaten dituzte, eta txartelekin gutxieneko gastua egitea ere eskatzen duten bankuek; adibidez, Kutxabankek urtero txartelekin 3.600 euro gastatzea eskatzen du. Bankoak, aldiz, ez dio halakorik lotzen bere hipoteka eskaintzari.

ETXEBIZITZA ASEGURUA





Esan bezala, etxebizitza asegurua derrigorrezkoa da hipotekatutako etxearentzat, baina ez du zertan izan hipoteka ematen duen bankuarena. Etxebizitza asegurua banku berarekin kontratatzeak hobaria ekar dezake maileguaren interesean, baina kontratatutakoa merkatuko beste aseguruak baino garestiagoa izan daiteke, une horretan edota etorkizunean, eta hari lotuta egongo da bezeroa, interes hobaridunari eutsi nahi badio.

BIZI ASEGURUA





Etxebizitza aseguruarekin gertatzen den gauza bera gertatzen da bizi aseguruarekin ere: merkatukoak baino garestiagoa izan daiteke bankuak eskainitakoa, baina trukean hobaria izango du interesak. Hipotekari lotutako bizi asegurua mailegu-amortizazioko asegurua izan daiteke. Kasu horretan, kapital aseguratua beti bat dator maileguan amortizatzeke dagoen kapitalarekin. Hipoteka eskaintza erakargarri ia guztietarako baldintza bihurtu da bizi asegururen bat kontratatzea.

PENTSIO PLANAK





Gero eta gehiago dira, interesean hobari handiena izatekotan, euren entitateko pentsio plan batera gutxieneko ekarpen bat egiteko baldintza jartzen duten bankuak. Kutxabankek, esaterako, urtean 2.000 euroko ekarpena egitea eskatzen du; BBVAk, berriz, 600 euroko ekarpena egitea.

INBERTSIO FUNTSAK





Interes hobearen truke inbertsio funtsetan dirua sartzea ere eskatzen dute entitate batzuek. Caixabankek, adibidez, urteko 25.000 euroko saldoa duen akzio kartera, pentsio plan edo inbertsio funtsean inbertsioa egiteagatik, hobaria ematen du hipotekaren intereserako.

IREKITZE KOMISIOA





Hipoteka irekitzeko kobratzen den komisioa %1 da banku gehienetan. Baina badira entitateak gutxieneko zenbateko bat ezartzen dutenak; adibidez, BBVAk 1.100 euroko gutxieneko irekitze komisioa du. Urtarriletik otsailera bitartean Bankoak ez du UTBrik handitu bere eskaintzetan, baina irekitze komisioagatik gehiago kobratzen hasi da: lehen %010 zen, 100 euroko gutxienekorekin; orain, komisio hori %0,30 da, 525 euroko gutxienekoarekin.

INTERES TASEN ARRISKUAGATIKO KOMISIOA





Komisio hori, batez ere, hipoteka finkoetan aplikatzen dute. Bezeroak aurretiaz mailegua amortizatzen badu —osorik edo zatiren bat—,bankuari ordaintzen dio sortzen dion galeragatik, bezeroarengatik jasoko lituzkeenak baino tasa txikiagoak izango dituelako bankuak merkatuan. Legez, komisioak ezin du %5etik gorakoa izan. Bankoak eta Caixabankek %2,5eko komisioa aplikatzen dute egungo eskaintzetan. Hipoteka garestitzeaz gain, mailegua beste entitate batera aldatzea ere zailtzen du komisio horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.