Astebetean bigarren kolpea. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak beste ebazpena bat kaleratu du hipoteken inguruan. Ostegun honetan adierazi duenez, hipoteka bat eratzeko edo ezerezteko gastu guztiak bezeroari itzuli behar dizkio bankuak, epaile batek frogatzen badu ez dela bidezkoa bezeroa horretara behartzen duen hipoteka kontratuaren klausula.
Iazko hipoteka legearen aurretik ez zegoen kostu horien banatzea arautzen zuen legerik, eta kasu gehienetan bezeroak ordaindu behar zituen, kontratu gehienek hori ezartzen zuen klausula bat zutelako. 2015ean, Espainiako Auzitegi Gorenak adierazi zuen banatu behar zirela klausula horren kostuak (kudeaketa gastuak, notarioak, erregistrokoak, zergak, etab.).
Luxenburgoko auzitegiak Espainiako epaileei itzuli die pilota eta ebatzi du haiei dagokiela kasuz kasu aztertzea ordainketa horiek ezartzen dituzten klausulak «argiak eta ulergarriak» diren eta baloratzea ea gehiegikeriarik egon den kostu hori bezeroei ezartzerako orduan. Hala balitz, hipoteka eratzeko edo ezerezteko gastu guztiak bezeroari itzuli beharko lizkioke bankuak.
Kontratuaren funtsezko zatia zenez, Gorenak ontzat jo zuen klausula hori, baina Europako epaiaren arabera, klausula hori legezkoa izanda ere, ezin du automatikoki gainditu kontsumitzailea babesteko Europako legediak eskatzen duen gardentasun kontrola, eta hori aztertu behar dute epaileek.