Europaren beste ohar bat hipotekei buruz: «Bezeroa ondo informatu behar da»

Batasuneko auzitegiak susmopean jarri ditu zoru klausulak berritzeko kontratuak, zeinetan bankuek auzitara ez jotzeko baldintza ezartzen duten

Zoru Klausulak Stopeko kideak, Donostiako auzitegian, 2015ean. BERRIA.
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Beste ohar bat, higiezinen burbuilan bankuek izan zuten jokabidea dela eta. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi du hipoteka kontratuetan zoru klausulak berritzea legezkoa dela, baina ohartarazi du bankuek ondo informatu behar dutela horri buruz, eta ziurtatu behar dutela bezeroek ulertzen dutela haiek sinatutakoa eta gai izan behar direla kontratuko baldintzak negoziatzeko.

Horixe adierazi zuen atzo Luxenburgoko auzitegiak. Erabaki horren arabera, aurrerantzean Espainiako epaileek kasuz kasu erabaki ahal izango dute baldintza horiek bete ziren ala ez. Eta abusua egon zela frogatuko balute, epaileak klausula hori baliogabetu dezakete, eta hipoteka kontratua ere bai. Pilota Espainiako epaitegietara itzuli du Europak, IRPH klausulen auzian egin zuen bezala. Hortaz, zoru klausulekin loturiko salaketak ere pilatuko dira epaileen mahaietan.

Ebazpena ulertzeko, mende hasierara egin behar da atzera, higiezinen burbuilaren garaira. Urte haietan, hipoteketan maiz agertzen ziren zoru klausulak. Mailegu horiek interes tasa aldakor bat zuten, eta muga bat: hortik behera ezin zen gehiago merkatu. Hori da zoru klausula. Bezero askok ez zekiten hori sinatu zutela, baina, krisiaren eztandarekin, ohartu ziren euriborra jaitsi eta euren interes tasek ez zutela gauza bera egiten: ez zitzaiela hipoteka merkatzen. Haietako askok auzitara jo zuten. Espainiako Auzitegi Gorenak 2013an esan zuen zoru klausulak gehiegizkoak zirela, baina, neurri batean, bankuen alde ere egin zuen, ebatzita bezeroek ordaindutako gehiegizko kopuruak ezin zirela atzerako eraginez erreklamatu .

«Ohiko jokabidea»

2016an, Luxenburgoko auzitegiak puntu horri heldu zion, eta adierazi zuen bezeroek 2013a baino lehenagoko kopuruak ere erreklama zitzaketela. Gorenaren eta Europako epaien artean, baina, bezero kaltetuei hipotekak berritzeko aukera eman zieten bankuek, eta akordio berri horietako askotan beste klausula bat sartu zuten, erreklamazioak saihesteko, kontratu zahar zein berrietan: bezeroek uko egin behar zioten epaitegietara jotzeari. Bezero asko gerora ohartu ziren horretaz, eta auzitara jo zuten.

Luxenburgok orain kaleratu duen ebazpenarekin, susmopean jarri du ea bankuek bezeroak behar bezala informatu zituzten baldintza horri buruz. Ez du legez kanpokotzat jotzen, baina hori adosteko orduan abusua egon zen ala ez ikertzeko eskatzen die Espainiako epaileei. Haiek egiaztatu beharko lukete bankuak ondo informatu zuela bezeroa, eta ziurtatu kontsumitzaileak ulertzen zuela hark sinatutakoa eta kontratuko baldintzak negoziatzeko gai izan zela.

Teruelgo (Espainia) epaitegi batek eginiko galdera bati erantzunez kaleratu du ebazpena Europako auzitegiak. Kasu horretan, Luxenburgoko epaileak iruzur «zantzuak» antzeman ditu Ibercaja bankuaren jarreran, hipotekak berritzeko negoziazioetan «politika orokorra» zuelako auzitegira ez jotzeko baldintza sartzea. Zalantzan jartzen du, halaber, klausula bera; izan ere, informatuta egon arren, bezero batek ezin du aurreikusi zer gertatuko den kontratu berriarekin. Baldintza hori ez du legez kanpokotzat jo —horri buruz ez baitzion galdetu Espainiako epaitegiak—, baina botere politikoari ere bidali dio oharra, berak baitu azken hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.