Hipotekaren kostu gehienak bankuen esku uztea hitzartu dute Espainiako Kongresuko taldeek. Etxebizitza tasatzeko kostua bakarrik geratuko da bezeroaren esku —300 eta 400 euro artean, mailegu gehienetan—, eta finantza erakundeek hartuko dituzte bere gain notaritza gastuak, erregistroarenak eta gestoriarenak.
Hipoteken Lege berria prest izateko urrats handia egin dute gaur diputatuek. Bi urte eta erdi berandu datoz, hori bai, Europako Batasunak 2016ko martxora arteko epea eman baitzion Espainiari bere hipoteken merkatuan nagusi zegoen oihanaren legean ordena pixka bat jartzeko. Bi hitzetan, lege garbi bat egitea exijitzen du EBko zuzentarauak, uste baitu interpretazio askotarako ematen duen legeak gehiegikeria asko eragin dituela. Abusu horien ondorioz, azken urteetan bankuak beren bezeroei milaka milioi euro itzuli behar izan dizkiete. Gastuei dagokienez, orain arte gehienetan bezeroek ordaindu dituzte, baina partekatu beharrekoak zirela ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak, 2015ean.
Legea prest, aurki
Legegaia datorren astean bukatu nahi dute talde parlamentarioek, baina jada aurreratu dute ados jarri direla azken urteetan gatazka askoren iturri izan den kontu batean: nork ordaindu behar ditu hipoteka bat egitearen kostuak?
Erantzuna ez da bankuen oso gustukoa izango, haien kargu utzi nahi dituztelako gastu gehienak. Tasazioa soilik ordaindu beharko luke etxebizitzaren erosleak, hau da, etxeak parametro objektibo batzuren arabera zein balio duen zehazten duen operazioa.
PP, PSOE, Ciudadanos, PDeCAT eta EAJk hitzartutako legegaiak —Unidos Podemosek ez du bat egin, gastu guztiak bankuen bizkar jarri nahi zituelako— esaten du bankuek derrigorrez onartu beharko dituztela bezeroak aukeratutako tasatzaileak, eta bat proposatuz gero, ez duela haiekin inolako loturarik izan behar. Agindu horrek hautsi egingo du azken urteetako praktika ohikoena, hots, bankuak bere tasatzailea inposatzea. Ondorio txar batzuk izan ditu ohitura horrek. Esaterako, burbuilaren aroan batez ere, arrunta izan da tasatzaileek etxebizitzaren balioa puztea, hartara bankuek maileguan diru gehiago eman ahal izateko, zuhurtasun mugarik gabe. Horrela, maileguarekin etxebizitza osoa ez ezik, autoa edo oporrak finantzatzera iritsi ziren bezero batzuk. Kontrakoa ere gertatu da: etxebizitza bati oso balio txikia ematea; desjabetza kasuetan, horrek ekarri du etxea galdutako herritarrak zor handiago bati aurre egin behar izatea.
Tasazioarena hipoteka egin ahal izateko derrigorrezko gastua da. Gainontzekoak, hipoteka egin ondorengo gastuak dira. Horien artean daude notaritzarena —hipotekari izaera publikoa eta bermea ematea— eta erregistroarena —etxearen jabetza aldaketa erregistro publikoan sartzea—. Bi ekintza horiek finantza erakundeek ordaindu beharko dituzte legea indarrean jartzen direnean, baita tramiteak egiten dituen gestoriaren gastuak ere.
Esan gabe doa etxea erosten duenari dagokiola erosketaren beraren zergak pagatzea: %10eko BEZa etxebizitza berria bada —%4 babes ofizialekoa izanez gero—, eta OEZ ondare eskualdaketen gaineko zerga, bigarren eskukoa izanez gero —%2,5, etxea ohizko bizilekua bada, %4 bigarrena bada—.
Besterik da ekintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bigarren etxebizitzek soilik ordaintzen dute (%0,5). Guztiek ordaintzen dute Nafarroan, baina lege horren aldaketa proposatuko du bihar Uxue Barkosen gobernuak. Espainian, zerga hori bankuek ordaintzeko lege dekretua indarrean dago asteburu honetaz geroztik.