Bankuei beste fronte bat ireki diete epaitegietan. Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du haiei dagokiela ekintza juridiko dokumentatuen zerga ordaintzea, eta ez bezeroei. Epaiak nabarmendu duenez, bankua da hipoteka bat notariora eramateko interes handiena duen partea, soilik horrela lortuko baitu hipoteka exekutatzea —bezeroa ordainketetan atzeratu bada, hipotekatutako ondasuna bankuaren esku igarotzea—.
Gaur jakinarazitako epaiak goitik behera aldatzen duen joan den otsailean kaleratutakoa. Orduan, Auzitegi Gorenak esan zuen bezeroari zegokiola hipoteken gaineko zergak ordaintzea. Irizpide horren alde egin du Dimitry Berberoff epaileak, eta boto partikularra egin du.
Epaiak ez du esaten erabakiak atzerako eragina ote duen. Hortaz, uler daiteke aurrerantzean sinatutako hipotekei eragingo diela, eta azken urteetan zerga hori ordaindu dutenek dirua itzultzeko eskatu beharko dutela. Zerga zorrak lau urteren ondoren iraungitzen direnez, 2014tik aurrera ordaindutakoak soilik erreklamatu beharko dira. Artean ez dago garbi ogasunei ala bankuei eskatu beharko ote zaien dirua.