Espainiako Auzitegi Gorenak atzera egin du. Hipoteken zergen gainean eman duen epaiaren ondorioak etetea erabaki du, erabakia berriro aztertzeko. Atzo ebatzi zuen bankuei dagokiela hipoteka baten ekintza juridiko dokumentatuen zerga ordaintzea.
Orain arte bezeroek ordaindu dute zerga hori, hipoteken legea garatu zuen arau batek hala esaten zuelako. Araua, ordea, legearen izpirituaren aurkakoa dela adierazi zuten, atzo, Goreneko epaileek, eta horregatik baliogabetu egin zuten. Erabakiaren ondorioz, bankuek galera handiak izan dituzte, gaur, burtsan.
Hurrengo asteetan, Goreneko Administrazioarekiko Auzien aretoko osoko bilkurak erabakiko du hipoteken zergak bankuak ordaintzea onartzen duen ala, orain arte bezala, bezeroak ordaindu beharko dituen. Erabakiarekin, jurisprudentzia berria ezartzen hastea eragotziko du Gorenak, momentuz.
Luis Maria Diez-Picazo Administrazioarekiko Auzien aretoko presidenteak ohar bidez azaldu duenez, epaiaren eragin ekonomiko eta sozialengatik hartu du haren ondorioak eteteko erabakia. Epaiak "aldaketa erradikala" dakar Gorenaren orain arteko irizpidean, magistratuaren esanetan.
"Eskandalua"
Argudio horiek kritika zaparrada bat eragin dute. «Eskandalua» dela esan dute kontsumitzaileen elkarteak, eta Gorenak bankuen presiopean jokatzen ari dela, kontrako epai batek eragingo lizkiekeen milaka milioiko galerak eragotzi nahian.
Azken erabakia bankuen aurkakoa bada, Hego Euskal Herrian eragina mugatua izango du, eta batez ere Nafarroan antzemango da. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzko ogasunek ez dute ekintza juridikoen dokumentatuen zergarik jasotzen erositako etxea bizitoki nagusia bada. Bai, ordea, Nafarroako Ogasunak —ardura hipotekarioaren %0,5—.