Hipotesi txarrenean, BPGaren %12ra igoko dira pentsioak Nafarroan

Euskadiko Kutxak 2006tik 2060rako demografia eta horrek lan merkatuan zein pentsioetan izango duen eragina aztertu du

joxerra senar
Iruñea
2010eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
«Gure helburua ez da zer gertatuko den asmatzea». Euskadiko Kutxak 2006tik 2060 bitarteko demografiaren bilakaeraren inguruko azterketa bat landu du, eta argi utzi du hasieratik mende erdia hartzen duen epe hain luze batean zer gertatuko den zehazki jakitea ezinezkoa dela. Hala, azterketaren asmoa izan da etorkizuneko hipotesiak lantzea eta horietako bakoitzaren joerak plazaratzea, batez ere Nafarroako lan merkatuan eta pentsio sistema publikoan izan ditzaketen ondorioetara begira. Ondorio nagusietako bat da biztanleriaren zahartzearen ondorioz, hipotesirik ezkorrenean pentsioen kostua bikoiztu egingo litzatekeela 50 urtetan zehar, barne produktu gordinaren %6,7tik %12,2ra. Horixe bera da gaur egun Frantziak gastatzen duena.

«Zifra horri soilik erreparatuta, ez da dramatikoa. Jendeak pentsatu ohi du ez dela hainbesterako. Hala ere, ezin da datu hori isolatuta begiratu. Ongizate Estatuaren hanka bati begiratu diogu, baina pentsioez gain ondorio garrantzitsuak ditu osasunean eta hezkuntzan, eta horri guztiari begiratu behar zaio», ohartarazi du Iruñean egindako prentsaurrekoan Joseba Madariaga Euskadiko Kutxako ikerketa bulegoko zuzendariak. Hona ikerketaren beste ondorioak:

1. Biztanleria

Aurretik EAEko biztanleriaren azterketa egina du Euskadiko Kutxak, eta azterketak argi utzi du bi erkidegoetako biztanleriaren bilakaera «erabat desberdina» dela. «Nafarroan biztanleria handitzen ari da; EAEn, berriz, ez aurrera ez atzera geratu da, eta, ondorioz, biztanleriaren zahartzeak Nafarroan baino ondorio kaltegarriagoak izango ditu».

Demografia aztertzean, aldagai garrantzitsuena eta aurreikusten zailena immigrazioa da: «Ikusi egin behar dugu orain dugun krisiak egiturazko aldaketarik eragiten duen immigrazioaren bilakaeran», azaldu du Madariagak. Euskadiko Kutxaren hipotesi arrazoizkoaren arabera, immigrazioaren hazkundea pixkanaka moteldu egingo da, eta urtero Nafarroara 9.000 etorkin sartzetik pixkanaka behera egingo du, eta 2060an 3.000 etorkin sartuko dira. «Gai izango alda gure ekonomia etorkinok erakartzeko?». Hara hor gakoa.

Horrekin batera, hipotesi «baikor eta arrazoizko» horrek erreferentzia gisa hartzen du emakume bakoitzeko 1,4 haur jaiotzetik 1,86 haur izatera igarotzea, eta bizi-itxaropena batez beste lau urte gehiago luzatzea. Horren arabera, 50 urteren buruan 270.000 lagun gehiago leudeke Nafarroan.

Madariagak azpimarratu legez, ez du esan nahi zifra hori beteko denik, baina bai joera goranzkoa izango dela. Haatik, azken 40 urteetan Nafarroak jasan duen biztanleriaren zahartzea areagotuko da. Hipotesi horren arabera, lan egiteko adina duten herritarrak biztanleria osoaren %63tik %51 izatera igaroko dira, eta neurri berean 65 urtetik gorako herritarrak ugarituko dira.

2. Lan merkatua

Biztanleriaren hazkundea soilik aintzat hartuta, Euskadiko Kutxak aurreikusten du mende erdian enplegu kopurua %15 inguru handituko dela, eta horri beste hiru aldagai erantsi dizkio: jarduera tasa hobetzea; erretiro adina luzatzea edo gaur bezala uztea, eta langabezia tasa %3ra jaistea.

Ondorioek argi utzi diote Euskadiko Kutxari etorkizunean enplegu kopurua handitzeko marjina handiena lan merkaturako sarbidea hobetzetik etorriko dela, besteak beste, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun neurriak ezarrita, edo familia bizitza lanarekin egokitzeko neurriak hartuta. Azterketaren arabera, horrek okupazioa %19 inguru handitzea ekar dezake.

Beste ondorio nagusia da langabezia tasaren aurka borrokatu baino emaitza gehiago ekarriko dituela erretiro adina 65 urtetik70 urtera atzeratzeak. «Neurri desatsegina da. Horrek ez du esan nahi mundu guztiak lan egin behar duenik 70 urte izan arte, baizik eta herritar kopuru batekegin dezakeela eta egin behar duela lan 70 urteak bete arte». Atzerapen hori ez litzateke berehalakoa. Pixkanaka eginez gero, enplegu kopurua %7 handitzeko aukera ikusten du Euskadiko Kutxak. Langabeziaren beherakadak, berriz, enpleguan soilik %3ko hazkundea eragingo lukeela ondorioztatu du.

Bada joera kezkagarri bat. Okupatu eta biztanle kopuruaren bilakaerari erreparatuta, hipotesi ezkorrenetik baikorrenerainoko joera guztiek erakusten dute 2033tik 2051 bitartean enplegua ez dela handitzen, egonkortu egiten dela. Produktibitatea handitu badaiteke ere, enplegua ez handitzeak hazkunde ekonomikoa kaltetu dezake, eta 2031 urrun badago ere, exekutiboak aintzat hartu behar du egoera hori epe luzeko politikak diseinatzerakoan.

3. Pentsioak

Azterketak, beraz, bere oinarrizko hipotesian kalkulatzen du mende erdian biztanleria %45 handitu daitekeela, enplegua %4, eta pentsioak, berriz, %100etik gora. Bizi-itxaropena luzatu ahala eta 65 urtetik gorako herritar kopurua handitu ahala, bereziki erretiro pentsioak 70.000 izatetik 173.000 izatera pasatuko direla kalkulatu du, goranzko joera argia erakutsiz. Jarduera tasa handitu eta erretiro adina luzatuta ere, 158.000 pentsio izatera pasatuko lirateke.

Joera horrek zer-nolako eragina izango luke pentsioen kostuan? Euskadiko Kutxak uste du 50 urteotan pentsioak KPIren arabera soilik igota, erretiro adina 70 urtera luzatu eta urtero produktibitatea %1 handitzen bada, gaur egungoaren pareko kostua izango duela -BPGren %6,7 alegia-. Aitzitik, erretiro adina 65 urtetan utzi eta soldatak adina igotzen badira urtero pentsioak BPGaren %12,2ko kostua izango luke. Hain justu, Frantziak 2005ean zuen kostua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.