2015a urte galdua izan da negoziazio kolektiboarentzat, oso itun gutxi izenpetu baitira. Abendua ere ez zen salbuespena izan, sektorekako hitzarmen bakarra izenpetu baitzen, Bizkaiko ehungintzako merkataritzarena (arropa dendak). Horri esker 4.341 langilek lortu dute itun baten babesa. Beste 550 langilek Espainian sinatutako lan hitzarmena lortu dute, eta enpresaren eremuan lortutako 21 itunek 3.188 lagun babestuko dituzte.
Guztira 197.428 langilek dute lan hitzarmena indarrean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako itunpeko langileen %36 baizik ez. Urte hasieran baino 65.000 gehiago dira.
Talde handiena da indarraldia luzaturik edo berritzeko duen hitzarmen baten menpekoa. Guztira 252.728 behargin dira, langileen %46.
Egoera okerragoan daude 99.101 lagun, haien lan hitzarmena iraungi egin delako eta hortaz, galdu. Langileen %18 dira (%19,2 ziren urte hasieran).
2015. urtean 178 lan hitzarmen izenpetu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 37.200 langileei eragiten dietenak. Bederatzi baizik ez dira sektorekoak eta 169, berriz, enpresakoak. Hori batu behar zaizkio Espainian izenpetu arren hemen eragina duten beste 61 itun (35.000 langile).
Hiru lurraldeetan iaz sinatutako itunetan batez beste %0,76ko soldata igoerak onartu dituzte langileek. Aurreko urte batzuetan bezala, igoera txikiiagoak izan dituzte Espainian lortutako akordioek (%0,61). Inflazioa %0,2 izan denez Hego Euskal Herrian, oro har langileek erosteko ahalmen pixka bat berreskuratu dute.
LHKren azken datuen arabera, gorantz jarraitzen du zerbitzuetan aritzen diren langileen kopuruak, eta dagoeneko %71,7 dira. Industrian %20,3 aritzen dira, %5,3 eraikuntzan eta %1,2 nekazaritzan eta arrantzan.