Finantzak. Eskaera berriak bankuei

Hiru urtean lau, eta etorriko direnak

Ustez osasun betean zegoen finantza sistema hura berregituratzeko, hiru urtean lau saio egin behar izan dituzte

2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Duela lau urte, finantza krisiakAEBetako banku handienak hondoratu eta Erresuma Batukoak, Alemaniakoak eta Belgikakoak estatuaren esku hartzera behartu zituenean, Espainiako finantza sistemaren sendotasuna nabarmendu zuten Madrilgo gobernuak eta Espainiako Bankuak. Diru premiaz ohartuz, Bruselak eta Nazioarteko Diru Funtsak emandako abisuei entzungor egin zieten. Baina denborak erakutsi du horretan ere oker zebiltzala Espainiako agintariak. Azken hiru urteotan egin behar izan dituzten lau finantza erreformak dira horren erakusgarri.

Aurrenekoa 2009ko ekainean egin zuen Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak. FROB banku sistema modu ordenatuan beregituratzeko funtsa sortu zuen, 9.000 milioi eurorekin, etxegintzako aktibo arriskutsuak zituzten erakundeen kontuak garbitu, eta aurrezki kutxen bat egiteak bultzatzeko. Funts horrek bost urtean itzultzeko maileguak eman zizkien erakundeei, lehentasunezko parte hartzeen truke. Alegia, dirua itzuli ezinik geldituz gero, estatua haien akziodun bihurtuko zela, Bankiarekin gertatu den moduan. 30etik gora erakundek parte hartu zuten dozena bat operaziotan. Eta 45etik 22ra murriztu zen aurrezki kutxa kopurua. Horren politizatutako erakundeak izaki, independentzia galtzeko beldur, fusio hotzaren formula erabili zuten askok.

Baina ez zen nahikoa izan. Kutsatutako aktiboen kopurua uste baino askoz handiago zelako, Espainiako Gobernuak kapital betebehar gogorragoak ezarri zizkien erakundeei 2011ko otsailean. Bigarren finantza errefoma zen. Hilabete eman zien diru freskoa inguratzeko, nola inbertsiogileak erakarrita hala burtsara jauzi eginda. Helburua: %10eko kapital ratioa izatea. Aurrezki kutxek elkartzeari ekin zioten, bederatzi taldetara murriztu arte. Haietako zenbait iragana dira dagoeneko.

Mariano Raxoi boterera iritsi eta gutxira etorri zen hirugarren erreforma, duela bi hilabete pasatxo, aurtengo otsailean. Etxegintzari lotutako aktiboak estaltzeko diru gehiago behar zutela iritzita, beste 50.000 milioi euro lortzeko agindu zien erakundeei, lurrak erosteko maileguen %80, bukatu gabeko etxebizitzak finantzekoen %65 eta bukatutako etxebizitzak pagatzekoen %35 estaltzeko helburuarekin. Espainiako Bankuaren arabera, oraindik ere 184.000 milioi euroren aktibo arriskutsuak dituzte Espainiako finantza erakundeek. Urte bukaerara arteko epea eman zien horretarako.

Azken hiru urteotako laugarren finantza erreforma, berriz, atzo iragarri zuen Madrilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.