Hiruk garraio sektoreko baldintzak zehazteko eskatu die gobernuei

Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari neurriak hartzea galdegin die garraiolarien sindikatuak, sektorea «salbatzeko»Garraiolarien jarduera jaitsi egin da 2007tik; enpresak itxi eta baimenak gutxitu dira

Hiruk garraio sektoreko baldintzak zehazteko eskatu die gobernuei.
Maite Alustiza.
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Hiru Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuak panorama beltza aurkeztu du Hego Euskal Herriko garraio sektorearen inguruan. Salatu du jarduera geldituta dagoela, langabezia tasa oso handia dela eta prekarietateak etengabe gora egiten duela; arazoa, ordea, egungo egoeratik haratago doala ohartarazi du, eta, horiek horrela, sektorea «salbatzeko» hainbat neurri hartzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Bilbon atzo egin zuen agerraldia Hiruk, eta zerbitzuaren maila guztietan gutxieneko baldintza batzuk zehazteko dei egin zien bi gobernuei. Horrekin batera, beste hainbat proposamen ere egin zizkien sindikatuak, osasunerako zentimoaren zerga bertan behera uzteko eta lan jarduera eteteko diru laguntzak handitzeko, besteak beste. «Gauzek orain arte bezala jarraituz gero, bost urteko epean formula berriak bilatu beharko dituzte erakunde eta enpresek, hondoratzen utzi duten sektore estrategikoa berreskuratzeko».

Gasolioaren igoera

2007. urtetik sektoreko jardueraren beherakada nabarmena izan da, eta jaitsiera hori areagotu egin da urteko lehen hiruhilekoan. Sindikatuak azaldu duenez, Hego Euskal Herriko sektoreak sekula ez du halako emaitza negatiborik izan, eta, horregatik, «bereziki larria» da egungo egoera.

Jarduerak behera egin du, eta, aldi berean, garraiolariek dituzten kostuek goranzko bidea hartu dute. Gehien igo dena gasolioaren prezioa izan da —zenbateko hori garraiolarien fakturaren erdia da—. Hiruren arabera, Europan erregaiaren banaketan dagoen oligopolioak du eragina igoera horretan —Repsol YPF, Cepsa eta BP enpresen esku dago erregaiaren banaketa, salmenta eta produkzioa—.

Gasolioaren prezioa ez da, ordea, azken urteetan gora egin duen bakarra: garraio ibilgailu mota bakoitzak ordaindu beharreko kostuak, batez beste, %49 igo dira urteko lehen hiruhilekoan, Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioaren Garraio Behatokiaren arabera.

Garraio ibilgailu batek kilometroko 1,37 euro kobratu du aurten; iaz, aldiz, 1,39 euro kobratzen zuen. Hiruk gogorarazi du gaur egun garraiolariak 2006. urteko prezioak kobratzen ari direla. Jardunaren beherakada eta gastuen igoera dela eta, zenbait enpresa itxi egin behar izan dituzte Hego Euskal Herrian: 1.662 enpresa 2007tik urteko lehen hiruhilekora arte—sektorearen %15 dira—. Enpresak ixtearekin batera, garraio baimenek ere behera egin dute: 2007an Hego Euskal Herrian 24.948 baimen zeuden; aurten, berriz, 22.118.

Negoziatzeko tresna eske

Egoera horretan, sektoreko bitartekarien eta administrazioen lana salatu du Hiru sindikatuak. Haren arabera, bitartekari eta zamatzaile askoren helburu bakarra «sektorea euren mesedeetara menderatzea da». Gainera, «xantaia» egitea ere leporatzen die, garraiolariak euren interesen aurkako baldintza ekonomikoak onartzera behartzen dituztelakoan.

Hiruk dio administrazioek«ezikusiarena» egiten dutela egungo egoeraren aurrean, eta salatu du garraiolari autonomoak babesteko neurririk ez dutela hartu. Babesa eskaintzetik urrun «kontrako norabidean» doazen neurriak hartu dituztela uste du —Nafarroan osasunerako zentimoa ezartzea, eta Gipuzkoan 2013an errepide mugakideetan ordainsaria jartzeko asmoa—. Hiruren iritziz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek ez dute garraio sare propioaren aldeko ahaleginik egiten, eta Espainiatik emandako eskumenak kudeatzeaz besterik ez dira arduratzen.

Jaurlaritzari dagokionez, duela hamabi urtetik errepide bidezko merkantzien garraioaren antolaketa plana ez duela aldatu salatu du Hiruk, eta 2010etik EAEko Merkantzien Garraioaren Mahaira deitu ez duela —mahai horretan biltzen dira garraiolari autonomoen sindikatuak eta elkarteak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundien ordezkariak eta patronala—.

Jarrera hori ikusirik, erantzukizuna eskatu die Hiruk administrazioei, eta negoziatzeko tresnak exijitu dizkie. «Ez dago irtenbide magikorik, baina begi bistakoa da tresna kolektiboak erabiltzeak eta taldeka lan egiteak baldintzak hobetzea dakarrela eta merkatuaren presioei hobeto erantzuteko baldintzak sortzen dituela».

Hiruren ustez, autonomo, kooperatiba eta enpresa txikiek «irauteko» duten berme bakarra euren jarduera da, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen du jarduera «profesionalizatzea», ahalik eta baldintza onenean lehiatzeko. Krisia beste hainbat sektoretara ere heldu dela onartu du sindikatuak; dena den, garraio sektoreak ezaugarri bereziak dituela eta beste arlo batzuk baino «babesgabetasun handiagoa» duela iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.