Lakuako aulki dantzan balira bezala, bero-bero eginda ibili ziren atzo Santanderren (+%6,1) akzioak, goia noiz joko. Etekin mardulak eskuratu ditu aurtengo lehen hiruhilekoan, eta iaz epe berean baino %5 gutxiago irabazi du, krisiak krisi. Hainbat ehiztariri atzeko kanala minduko zion, eta Ibex-35 (+%2,71) zeraren zerara igotzen lagundu zuen. 2.313 milioiren salerosketa izan zen erdi kale itxura duen Olabarri kaleko festan; horietan 692 mugitu zituen Botin buru duen bankuak eta 627 milioi Edurnezurik (-%0,34). Berau eta Bolsas y Mercados (-%0,33) izan ziren atzo zizare gisa jokatu zuten bakarrak, eskua emazte ukan beste erremediorik izan ez zuen Tele5rekin (=) batera. Gainontzekoek festa handia egin zuten, gorputzak esnatuta: Iberiak (+%5,97), bigarren egunez jarraian %4na pasa irabazi zuen Gamesak (+%4,14), Endesak (+%4,55) eta Abertisek (+%4,13), nahiz %3na pasa irabazi zuten Abengoak, ACSk, Cintrak, BBVAk, Iberdrolak eta enparauak lekuko.
BBVAk (+%3,48) 2.000 milioiren zorra jaulki zuen atzo, hiru urtera eta %1,5eko gainsaria ordaindu beharko du. Estatuaren abalik gabe aurten egindako bigarren jaulkipenak harrera ona izan zuen; baina bistan da gainsaria ez dela edonoren hipotekakoa.
Edurnezurik (-%0,34) 0,5 euroko dibidendu gordina ordainduko du maiatzaren 12an. Hala jakinarazi zion atzo CNMVri. Azaroan ordaindutakoarekin, akzioko euroko dibidendua ordaintzeko konpromisoa bete du. Aurten %15 handitu nahi du kopuru hori.
Hiztegi erotikotik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu