Frantziako Gobernuak interes handia du Cevitalek FagorBrandt eros dezan. Azken astean Arnaud Montebourg Berrindustrializazio ministroaren bidez aritu zaio presio egiten Espainiako Industria ministroari ahal duena egin dezan operazioa gauzatzeko, eta orain François Hollande presidenteak berak hartu du ardura. Le Monde egunkariak kaleratu duenez, Bruselako goi bileran eskatu zion Mariano Rajoy Espainiako presidenteari Fagorren Frantziaren adarraren likidazioa eragozteko.
Hori egiteko modua da Cevitalek erostea FagorBrandten bi lantegi (Saint Jean de la Ruelle-Orleans eta Vendome), haren egoitza nagusia eta salmenta osteko zerbitzua. Erosketa horrek bermatuko luke FagorBrandten 1.800 langileetatik 1.200ek lanean jarraitzea. Vendee departamenduko beste bi lantegien truke (La Roche sur Yon eta Aizenay) beste eskaintza batzuk ere badaude, baina operazio horiek ez dira hain ziurrak. Arazoa da lantegiekin batera Cevitalek nahi dituela Fagorrek Frantzian eta beste leku batzuetan baliatzen zituen markak —Brandt, Dietrich, Sauter, Vedette, Sauter eta Easycook—, baina haien jabetza Fagor Ireland adarrarena da. Azken horren konkurtsoa Donostiako Pedro Malagon epailearen esku dago. Hasiera batean prest zegoen Cevitalen 25 milioi euroren eskaintza onartzeko, baina orain 35 milioi eskatu ditu, eta Aljeriako taldeak proposamen zehatzagoa egiteko Euskal Herriko aktiboen truke. Izan ere, Frantziako fabrikarekin batera, Eskoriatzakoa ere erosteko interesa azaldu zuen Cevitalek.
"Espainiarrei helarazi diegun mezua da marken aferak ezin duela proiektu handi bat gerarazi", adierazi dio Frantziako Gobernuko iturri batek Le Monde-ri. Aukera bat da Cevitalek onartzea Malagonen eskaera, eta beste bat, berriz, Frantziako Gobernuaren laguntza jasotzea horretarako.Parisko egunkariak dio Gobernua aztertzen ari dela diru gehiago jartzea operazioa gauzatu dadin. Fagor Etxetresna eta haren adarrak konkurtsoan sartu zirenean, azaroan, Montebourgek hamar milioi jarri zituen Frantziako fabrikek lanean jarrai zezaten. Oraintsu arte irekita egon dira diru horri esker, baina hilaren 14an geratu ziren berriro, hornitzaileei ordaintzeko nahiko dirurik ez zegoelako.
Afera honetan guztian data esanguratsua datorren asteazkena da. Egun horretan erabaki behar du Nanterrek epaitegiak —hark darama FagorBrandten konkurtsoa— zer egin Frantziako lantegiekin. Eskaintza finkorik ez badauka, likidazioan sartu beharko lituzke. Dagoeneko hiru aldiz atzeratu du erabakia, Cevitalen operazioari denbora gehiago emateko. Le Mondek dioenez, atzerapenekin etsitzen hasita dago Aljeriako taldea, eta ez du baztertu amore ematea. Markak eskuratuko ez balitu, lantegi eta langile gutxiago hartuko lituzke.