Bost urtez Nicolas Sarkozy hiperaktibora ohituta, François Hollanderen patxadarekin ere kezkatzen hasita zeuden frantziarrak. «Borrokarako presidente» dela erantzunez itzuli da Frantziako presidentea udako oporralditik, eta hurrengo bi urteotarako lana eman dio bere buruari. Ez nolanahikoak, 30 urteren buruan, beste presidente sozialista bati egokitu zaiolako Frantziaren aurrekontuari mozketa handi bat egitea. François Hollandek iragarri du 30.000 milioi euro jaitsiko duela defizit publikoa, Europako Batasunak exijitzen duen BPGaren %3ko mugatik jarri ahal izateko. Heren bat gastuetatik kenduko du, beste bat errenta zergaren igoerari esker lortuko du, eta azkena, enpresen gaineko zergekin. Ahalegin hori ekonomiak krisian jarraitzen duen honetan egiteak kostu handiagoa izango du. Bere hegoaldeko auzoen atzeraldira hurbildu gabe ere, hazkunde oso apala espero du Hollandek: «Zero baino pixka bat handiagoa» aurten (%0,3 lehen) eta %0,8 2013an (%1,2). Datu kaskar horiek kalte handiagoa egingo diote zerga bilketari, eta beste 7.000 milioi euro aurkitzera behartuko ditu Parisko agintariak.
1. Zergak aberatsei
Hauteskunde kanpainan egin zuen promesik deigarriena izan zen aberatsenen irabaziei%75eko zerga bat ezartzea. Nicolas Sarkozy orduko presidenteak gutxietsi egin zuen proposamena, baina frantziar askok ontzat jo zuten, aberatsenei krisiak ezer gutxi eragin dien ustea oso zabalduta dagoelako. Promesari eutsi dio Frantziako presidenteak, nahiz eta egia den zertxobait urardotu egin duela. Batetik, zergak ez die kapitalaren errentei eragingo (gainbalioak, dibidenduak, interesak...), eta horiek dira, hain zuzen ere, aberatsenen diru iturri nagusiak. Bestetik, %75 hori kalkulatzeko kontuan hartuko dira gaur egun lanaren irabaziak zamatzen dituzten zerga guztiak, CSG eta CRDS barne. Horrela, benetan tasa ez da %75izango, %67 baizik. Gainera, behin-behineko tasa da, 2013 eta 2014rako. Epe hori iragaten denerako «kontu publikoak onbideratuta» izango direla espero du Hollandek.
Gauzak horrela, 2.000 eta 3.000 lagunek pagatuko dute aberatsenen zerga berezia. Horien artean izango dira futbol jokalariak, beste eliteko kirolariak edo artistak. Hasiera batean horiei zerga berezia ez ezartzea aztertu zuen Frantziako presidenteak, haien irabaziak aldi baterakoak direla argudiatuta. Azkenean, ez da salbues- penik izango.
Igoera demagogikoa eta zerga ondorio gutxikoa da oposizioaren ustez, eta enpresaburu askoren ihesa eragin dutela iradoki dute. Hollandek onartu du ekintza «sinbolikoa» dela, eta horri eman dio garrantzia: «Adibidea ematean dago gakoa, ezta diru gehiago biltzeko modu bat».
2. Errenta zerga
Oso aberatsek ez direnek ere gehiago pagatuko dute errenta zergaren bidez. Batetik, urtean 150.000 eurotik gorako errenta dutenek sari horren %45 ordainduko dute —%41 orain, 70.830 eurotik gora—. Bestetik, Parisek erabaki du bigarren urtez jarraian errenta zergaren taulak ez berritzea (deflaktatzea) eta inflazioaren eragina kontuan ez hartzea. Horren ondorioz, soldata igoera izan duten langile batzuk aurrerantzean zerga tasa handiagoak ordaindu beharko dituzte.Tasak ukitu gabeko zerga igoera horrek irabazi apalak dituztenei eragin ez diezaien, Hollandek agindu du errenta zergako bi lehen zatietan daudenentzat sistema berezia jarriko dela indarrean —zero eta 5.963 euro artean irabazten dutenek ez dute errenta zergarik pagatzen, eta %5,5ekoa, berriz, 5.964 eta 11.896 artean irabazten dutenek—. Solidaires sindikatuak kalkulatu duenez, 20 milioi familiek ez dute gehiago pagatuko, eta hamasei milioik bai.
Puntu honetan, Frantziako presidenteak ez du agindutakoa bete. Izan ere, kanpainan zehar Hollandek ziurtatu zuen Fran- çois Fillon orduko lehen ministro kontserbadoreak indarrean jarritako neurria ez zela «bidezkoa», eta errenta zergaren taulak deflaktatuko zuela agindu zuen. Orain, ordea, «denen ahalegina» aipatu du, eta kontuan hartu du neurri horrek ia 5.000 milioi ekarriko dizkiola Estatuaren kutxei: 1.580 milioi euro aurten eta horren halako bi datorren urtean.
3. Aparteko lanaldia
«Gehiago lan egin, gehiago irabazteko», lelotzat hartuta, Nicolas Sarkozyk urratsez urrats hustu zuen 35 orduko lan astearen inguruko lanaldia. Hori egiteko modu bat izan zen lanaldi horretatik gaineko aparteko lanorduak ez zergapetzea. Orain, Sarkozyren bidean atzera egiten hasi da Hollande, urratsez urrats hura ere: 20 langiletik beherako enpresek izan ezik, gainontzekoek egiten dituzten lanorduengatik gizarte kotizazioak pagatu beharko dituzte. Langileek, ordea, ez dute ordu horiengatik kotizatuko.
4. Enpresen zergak
Enpresek arrazoi batengatik edo besteengatik jasotzen dituzten zerga kenkari asko ezabatu egingo ditu Frantziako Gobernuak. Arlo horretan ere salbuespena egingo du Hollandek enpresa txikiekin.
5. Lan kostuak gutxitu
Sarkozyk bezala, Hollandek ere uste du lan kostuak handiegiak direla Frantziako enpresentzat,eta horrek atzerrian lehiakortasuna galtzea ekartzen diela. Hori zuzentze aldera, aurreko presidentearen asmoa zen urriaren hasieran BEZa igotzea eta enpresek langile bakoitzeko pagatzen dituzten gizarte kotizazioak jaistea. Hauteskundeak irabazi eta berehala neurri hori baliogabetu zuten diputatu sozialistek.
Gaiari buruzko proposamen zehatzak urrirako iragarri ditu Parisek, baina aurretik Louis Gallois Inbertsiorako komisario nagusi berriak gai horri buruzko txosten baten berri eman behar dio. Hedabideek egindako elkarrizketetan Galloisek ezinbestekotzat jo du gizarte kotizazioak jaistea. Neurri horrek Gizarte Segurantzari ekarriko dizkion kalteak nola konpondu erabaki behar du orain Hollandek. Zerga ekologikoak daude eztabaidagai.
6. Kapitalaren zergak
Kapitalaren gaineko zergak lanak dituenarekin berdinduko ditu gobernu sozialistak. Orain %19ko zerga dute higiezinen gainbalioek, %21 dibidenduek eta %24 interesek. Aurrerantzean, errenta zergaren tasak izango dituzte (%5,5, %14, %30, %41 eta %45), familiaren diru sarreren arabera. Hau da, laneko irabaziengatik %14 pagatzen duena hori pagatuko du kapitalak ematen dizkien irabazien truke.
7. Enplegua
Lan araudian aldaketak egin nahi ditu Frantziako Gobernuak, teorian helburu kontrajarriak direnak lortzeko: malgutasun gehiago enpresentzat, langileen eskubideak hondatu gabe. Urte amaierako epea eman die Hollandek patronalari eta sindikatuei ados jartzeko. Akordiorik lortu ezean, Gobernuak hartuko ditu neurriak.
Krisia eurogunean. Frantziako Gobernuaren neurriak
Hollanderen bi urterako lana
Aberatsenei, klase erdiei eta enpresei zergak igota lortu nahi du Hollandek datorren urtean defizit publikoa %3ra jaisteaGehien dutenen errentan %75eko tasa ezarriko du, baina gutxik pagatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu