Hondarribiako arrantzale bat hil zen atzo iluntzean Almirante Berria arrantzontzian izandako lan istripuaren ondorioz, kostaldetik 40 itsas miliatara. Sardina harrapatzen ari zen ontzia, eta arrantzalea sarearekin trabatu zen. Itsasora erori eta bertan hil zen, itota. 57 urte zituen eta hondarribitarra zen, Norberto Emazabel Hondarribiko kofradiako presidenteak esan duenez.
Sarea botatzeko maniobran, arrantzalearen hanka bat soka batekin trabatu zen antza, eta hark bultzatu zuen itsasora. Lankideek, hamar bat, maniobra berehala eten zuten, eroritako arrantzalea ahalik eta lasterren ontziratzeko. Gorpua jaso, eta ontzian bertan suspertzen saiatu ziren, baina arrantzalea itota zegoen. Arratsaldeko 18:30ean gertatu zen ezbeharra. Juan de la Cosa ospital-ontzia Almirante Berria ingurura gerturatu zen ondoren, eta hark ekarri zuen portura arrantzalearen gorpua.
Norberto Emazabelek esan du 57 urteko arrantzale hilak oso gutxi falta zuela erretiroa hartzeko, eta "bizi osoa" zeramala itsasoan. Eskarmentu handiko arrantzalea zen, eta hain justu istripua eragindako lan horiek urte askoan egindakoa zen. Kofradiako presidenteak gaineratu du horrelako istripuak oso gutxitan gertatzen direla, eta inguratze arrantzan aritzen direnen artean lan istripuen hilgarritasuna %1ekoa dela.