Turismoaren erabateko geldialdia baieztatu duen lehen datua argitaratu du gaur Eustatek. Haren datuen arabera, martxoan 67.544 bezerok erabili zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotelak, aurreko urtean baino 171.278k gutxiagok (-%71,7).
Landetxeek ere antzeko galera izan dute bezero aldetik. Martxoan, 2.778 bezero izan zituzten, 2019ko martxoan baino %73,8 gutxiago. Egonaldiak, berriz, %70,1 gutxitu ziren (6.247 guztira).
Espainiako Gobernuak Martxoaren 15ean ezarri zituen alarma egoera eta konfinamendua, eta martxoaren 19ko dekretu batek debekatu egin zuen ostalaritzako establezimenduak irekitzea. Batez beste, 15,6 egun egon dira itxita Gipuzkoako hotelak, hamalau egun Bizkaikoak eta 13,8 egun Arabakoak.
Jaitsiera %100etik gertukoa izango da apirilean, hotelak eta beste ostatuak itxita izango baitira hilabete osoan. Salbuespenen artean daude osasun langileek atseden hartzeko irekita dauden hotelak, esaterako, Donostiako Maria Cristina, Iruñeko Iruña Park eta Tres Reyes, eta Bilboko Ercilla.
Aste Santuan galdu izana kolpe oso handia da ostalarientzat, baina bereziki landetxeentzat, egun horietan lortu ohi baitute urte osoko betetze mailarik handiena.
Udako kanpaina ere kolokan dago, turismoarekin eta aisiarekin lotutako ekintzak izango baitira baimentzen azkenak, ekitaldi jendetsuez gain.