«Hurrengo pausoa lantegia ixtea izango da», ohartarazi dute Envases-ek Ugaon duen plantako langileek

Multinazionalak 50 langile kaleratzea erabaki du, eta ageriko deslokalizazio nahi bat ikusten dute horren atzean.

Envases Universaleseko langileek eginiko agerraldia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Envases Universaleseko langileek eginiko agerraldia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko martxoaren 13a
12:25
Entzun

«Dena prestatu dute egoera honetara iristeko». Salaketa Endika Ibañezena da, Envases Universales enpresak Ugaon (Bizkaia) duen plantako langile batzordeko buruarena (LAB). Baina zein da egoera hori? Enpresak ekoizpen arrazoiak argudiatu ditu enplegua erregulatzeko txosten bat ireki eta 50 langile kaleratzeko. Guztira 108 dira, eta, langileen arabera, kaleratze horiekin itxiko duten atalarekin ekoizpenaren %75 galduko da. «Hurrengo pausoa lantegia ixtea izango da, eta ez da egia ekoizpen arazoak daudenik. Azken hamar urteetan mozkinak egon dira, eta 2022a inoizko urterik onena izan zen».

Envases Uinversales taldea multinazional bat da, eta Mexikon du egoitza. Munduan metalezko ontzi gehien ekoizten dutenetako bat da. Iragan uztailean Ugaoko Domiberia enpresa erosi zuen, 2015era arte Crown zena. Iazko urtearen amaieran hartu zuen haren kontrola, eta erregulazio espedientea aurkeztea da hartu dituen lehen erabakietako bat. Aurretik, baina, iazko urteko azken txanpan ekoizpen erritmoa asko murriztu zuela salatu dute langileek, beren egoeraren berri emateko eginiko agerraldi publiko batean.

Langileek salatu dute enpresak irabaziak izan dituela azken urteetan, eta jabe berriek nahita murriztu zutela ekoizpena iazko azken hilabeteetan.

«Ekoizpenaren parte handi bat Leonen [Espainia] duten planta batera bideratu dute, eta hango langileen lan baldintzak txarragoak dira, besteak beste Espainiako lan hitzarmena dutelako», azaldu du Ibañezek. Langileen ustez, Leongo lantegiko beharginek ia 9.000 euro gutxiago irabazten dituzte urtean. Horregatik salatu dute haien ustez deslokalizazio kasu bat dela. Envasesek, halaber, Montmelon (Katalunia) duen beste planta bat ixteko asmoa du.

Iazko moteltzearen ondoren, aurtengo lehen bi hilabeteetan ekoizpen erritmo oso handian aritu dira lanean, eta hor enpresaren mugimendu taktiko bat ikusi dute langileek. «Gerora konturatu ginen: biltegiak bete eta bete ari ziren. Orain lepo daude, edozein greba edo ekoizpen jaitsierari eusteko moduan». Langileek, gainera, jakin dute enpresak bezero nagusiak ohartarazi zituela erosketa handiak egin zitzaten, aurki ekoizpen katean aldaketak egingo zituelako eta hornikuntza arazoak egon zitezkeelako. Ugaon pintura eta disolbatzaileentzako ontzi eta potoak ekoizten dituzte.

Envases Universal
Envases Universalek Ugaon dituen ekoizpen kateetako bat. BERRIA

Enplegu erregulazioaren baldintzak aztertzeko negoziazio epea martxoaren 26an amaituko da. Dagoeneko lau bilera egin dituzte, eta jarrerak oso urrun daude. Enpresak ekoizpen arrazoiak argudiatu ditu kaleratzeak justifikatzeko, eta langileek ez dituzte onartu. Gainera, oraindik ez dakite zer langile sartuko diren kaleratuen zerrendan. Langile batzordeak —LABek bost kide eta UGTk eta USOk bina— erakundeen inplikazioa eskatu du erregulazioa atzera-bueltarik ez duen puntu batera iritsi baino lehenago. Era berean, manifestaziora deitu du Ugaon, larunbat honetarako (17:30). Greba egun solteak eginak dituzte, eta ez dute baztertzen gehiago antolatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.