Azaroaren 28tik abenduaren 12ra egingo diren enpresa txiki eta ertainetarako hauteskunde sindikaletan egongo da Korsikako sindikatu nagusia, STC Langile Korsikarren Sindikatua. Parisko 15. barrutiko epaitegi baten debekua altxa du Kasazio Auzitegiak, STC lehiatik at uzteko arrazoirik ez duelako ikusten "Errepublikaren balioen aurka legez kontra ezer egiten duenik".
Sindikatu abertzalea da STC, eta horregatik beragatik eskatu zuten haren debekua CGT, CFDT, FO eta CFTC sindikatu frantziarrek. "Enpleguak korsikarrentzat izatea" bilatzen duenez, langile guztiak babesteko asmorik ez zuela argudiatu zuten sindikatu horiek. Uztailaren 4ean jakinarazitako epaian, Parisko epaile batek arrazoi eman zien sindikatu frantziarrei: "STCk erakunde sindikalen helburuen gaindi dagoen helburu politiko bat bilatzen du. Erakunde erregionalista bat da, interes erregionalistak defendatzen dituena".
LABen aurkako auzia
Argudio horiek beraiek baliatu ditu CGTk LABi Ipar Euskal Herrian hauteskunde sindikaletan bidea trabatzeko. STCren eta LABen aurkako auziak abokatu berdinak defendatu ditu, Slim Ben Achourrek.
Korsikarren kasuan bezala, Parisko auzitegiak debekatu egin dio LABi hauteskunde sindikaletan parte hartzea. Abuztuan jakinarazitako epaian, LABek bere ekintza Euskal Herrira mugatzea eta euskara erabiltzea nahiko arrazoi iruditu zitzaion lehia sindikaletik kanpo uzteko. Sindikatu abertzaleak helegitea aurkeztu du.
Iragan larunbatean, LABek hainbat eragile sindikal, politiko eta sozialen babesa lortu zuen. Haien artean zeuden Ipar Euskal Herriko CGTko adarreko kide esanguratsuak, eta LABen aurkako auzia Paristik bultzatu dutela ziurtatu zuten.