Espainiako Gobernuak ez du lortu aurrera ateratzea udalen superabita bere esku uzteko dekretua. PSOEko eta UPko kideek aldeko botoa eman dute (156 boto), baina gainontzeko 193k aurkako botoa eman dute.
Oso ezohikoa da gobernu batek ez lortzea bere dekretu bat berrestea: 1978az geroztik hiru aldiz baizik ez da gertatu. Baina ez da ustekabea izan Pedro Sanchezen gobernuarentzat, aliatu dituen talde gehienek ohartarazi ziotelako aurka egingo zutela, haien artean EAJ eta EH Bildu.
EAJk iragarria zuen, abuztuan, ezezko botoa aukeratuko zuela, gobernuak FEMP udalerrien Espainiako federazioarekin hitzartutakoak Hego Euskal Herriko erakundeen autonomia bortxatzen duela iritzita.
Espainiako Gobernuaren asmoa zen udalek azken urteetan pilatutako 15.000 milioi euroren superabita erabiltzea bere burua finantzatzeko. Dirua hamabost urteko epean itzuli nahi zien Madrilek.
Eztabaida bizia izan da dekretuari buruz abuztuan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek zehaztu zuten haiena dela beren lurraldeetako udalak gainbegiratzeko eskumena, eta uko egin zioten eskeman parte hartzeari. Nafarroan, berriz, udalen eta kontzejuen federazioak ezezkoa eman zion. Are gehiago, eskatu zuen udalek pilatutako soberakina gastatu ahal izatea zorra ordaintzea ez den beste kontu batzuetarako.
Izan ere, hori da gakoa. Europako Batasunaren bultzadaren ondorioz, PPk eta PSOEk hitzartu zuten Espainiako Konstituzioa aldatzea, eta kontu publikoak orekatu behar izatea sartu zuten artikulu batean. Artikulu hori osatzeko, PPren gobernuak, Cristobal Montoro Ekonomia ministroa zela, Egonkortasun Legea onartu zuen. Haren bitartez, tokiko erakundeek (udalek, kontzejuek eta diputazioek) debekatuta dute defizita izatea, eta superabita izatekotan, soilik erabil dezakete zorra txikitzeko.
Lege hori bertan behera uzteko eskatu dute erakunde eta alderdi askok, baina luze joko lukeela argudiatu du Espainiako Gobernuak.
Gai horri heldu dio EH Bilduko Mertxe Aizpuruak. «Egonkortasun legea aldatu beharko da, horrela egin ezean Ogasun Ministerioak zeharkatu duen labirinto nahasi horrek hor egoten jarraituko duelako, irteera ikusten ez zaiola». Aizpuruak azaldu zuenez, «gobernuak muzin egin dio arazoari errotik heltzeari; hori izan da akatsa, hasierako planteamendua. [...] Benetako arazoa legea da».