Huyck Wangner Spaineko langileak greba mugagabean

Bizkaiko Diputazioa inbertitzaile bila dabil Virtisu enpresak «proiektu industrial sendo bat» izan dezan

Erredakzioa
2013ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Huyck Wangner Spain enpresako zuzendaritzak 75 langile kaleratu nahi ditu Zizurkilen (Gipuzkoa), eta beharginek mobilizazioak iragarri dituzte, hori saihesteko. Astelehenean beharginek greba mugagabea hasiko dutela jakinarazi du ELAk. Alemaniako multinazionalak Zizurkilgo lantegia itxi eta planta lekutzeko asmoa ote duen beldur dira langileak.

Kaleratzeak eta itxiera erabaki estrategikoa dela salatu du sindikatuak, «enpresak irabaziak ematen dituelako». Kalean geratzeko arriskuan daude 80 langile, eta konpainia «oso modu larrian eta bortitzean» jokatzen ari dela nabarmendu du ELAk. Langileek astelehenerako deitu dute prentsaurrekora, eta han emango dituzte jokaera horien gaineko azalpenak. Perot y Cia tailerraren oinordekoa da Huyck Wangner Spain ehungintza metalikora dedikatzen den enpresa, eta 80 bat lagunek egiten dute lan bertan.

Bestalde, Auzo Lagun enpresako langileak ere haserre daude,garbikuntza alorreko 130 inguru lankide jasaten ari diren egoera «larriagatik». Konpainiaren EAEko hiru batzordeetako ordezkariek protesta egin zuten atzo Donostian, eta salatu zuten langile horien lanaldia batez beste %35 murriztu nahi dutela Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak egin duten bat egiteaz baliatuz: «Arduragabekeriaz, hozkeriaz, etikarik eta eskrupulurik gabe jokatuz, bi erakundeotako arduradunek gure lankide asko eta asko txirotasunaren mugara eraman ditzakete».

Mobilizaziorik ez AVASAn

EAEko Auzitegi Gorenak, bestalde, arrazoia eman dio ELAri, eta 6.000 euro ordaintzera zigortu du Mercedes Benz enpresa, negoziazio kolektiborako eta askatasun sindikalerako eskubideak urratzea leporatuta.

2011. urtean negoziazio batzarretatik bota zuen enpresako zuzendaritzak, «soilik bere planteamenduetatik gertu zeuden sindikatuekin —UGT, CCOO, USO eta Ekintzarekin— zuelako harremana», ELAren esanetan. Mercedes Benzi zigor ekonomikoa ezartzeaz gain, epaileak ebatzi du aurrerantzean enpresako bileretan parte hartzeko eskubidea duela sindikatuak.

AVASA Abertiseko Autopista Vasco-Aragonesako AP68 enpresaren Bizkaiko langileen batzordeak, berriz, bertan behera laga zituen atzo egitekoak zituen mobilizazioak. Izan ere, arratsaldean CCOO, UGT, eta USOC sindikatuek akordioa lortu zuten Bartzelonan, eta Bizkaiko langileek denbora bat hartu dute itun horren edukia aztertzeko. Hausnarketaren ondorioen berri datozen egunetan emango du AVASAren Bizkaiko langile batzordeak.

Virtisu enpresako lan gatazkari dagokionez, Bizkaiko Diputazioak azaldu du Zallako paper konpainiarako «inbertitzaile berri baten bila» dabilela, konpainiak «industria proiektu sendo bat» izan dezan. Lan erregulazio dosierra saihesteko erantzukizuna duela gogorarazi dio Bilduk diputazioari, 2006an enpresaren lurrak eta makineria erosi zuelako 1,5 milioi euroan eta lan jarduerari eusteko konpromisoarekin.

CNT sindikatuak salatu du, berriz, Panda Securityk azken asteetan «pertsona batzuk» kaleratu dituela. Enpresak Bilbon duen egoitzaren aurrean egin zuen atzo protesta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.