Oso txarra izan zen enpleguarentzat iazko urtearen amaiera. Eustatek egindako azken neurketaren arabera, iazko azken hiruhilekoan 9.900 lanpostu galdu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Denbora tarte berean, gainera, 5.500 langabe gehiago zenbatu zituen estatistika erakundeak.
Enplegu zerbitzu publikoek hilero emandako datuen joera berretsi du Eustatek, 2011ko udatik aurrera langabe kopurua etenik gabe handitu baitzen Hego Euskal Herrian. Haatik, populazioa jardueraren arabera sailkatzen duen inkestaren daturik kezkagarriena enplegu galera da. Hiruhileko batean izandako laugarren okupazio murrizketa handiena izan zen krisi ekonomikoa hasi zenetik. 2010. urteko azken hilabeteak ere eskasak ziren: urria eta abendua bitartean 17.900 lanpostu galdu ziren.
Sektore guztietan behera egin zuen okupazioak. Jaitsiera bereziki adierazgarria izan zen industrian:4.500 lanpostu gutxiago daude,jarduera moteldu eta ekonomia gelditzen ari den seinale. 2010. urteko azken datuekin alderatuz gero, soilik hirugarren sektorean zeuden langile gehiago, 1.400 hain zuzen ere. Lanpostu galera ia osoa gizonei zegokien.
Guztira, 116.900 langaberekin amaitu zen urtea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eustaten datu baseari erreparatuz gero, kopururik handiena da 2001. urteko lehen hiruhilekotik. 2010. urteko azken emaitzekin alderatuz, 12.700 langabe gehiago dira
Orain dela hamar urteko egoerarekin dagoen alde bakarra langabezia tasa da. Pareko langabe kopurua izanik, tasa puntu bat handiagoa zen orduan, populazio aktiboa ere txikiagoa zelako. Inkestari jarraituz, langabe tasa orokorra %11,2 da, baina ezberdintasun handiak daude herrialdeen arabera. Hala, Bizkaiak du langabezia tasarik handiena— % 14,2 —, eta 2010. urtearekin alderatuz langabeziaren igoera osoa izan du. Araban langabezia tasa ia Bizkaikoaren erdia da (%7,3), eta Gipuzkoan %8 da.
Familien %32,6k ez dute kide aktiborik, eta aktibitatea dutenen artean %4,4k kide guztiak langabezian ditu. Aktiborik gabeko etxebizitzak aurreko urtean baino 12.700 gehiago dira, eta langabez osatutakoak, 5.400.
Kontratu motari dagokionez, lanpostu finko edo mugagabea zuten inkestari erantzun ziotenen %77k. Kopuru hori hiru puntu handitu da azken lau urteetan, enplegu galerak batez ere aldi baterako kontratuak eragin dituelako. Aldi baterakoak %23 inguru ziren, kontraturik gabe lanean ari ziren 14.600 pertsonak aintzat hartuz gero.
ELAren kritikak
Astebete barru Hego Euskal Herriko argazki globala eskainiko du Espainiako Estatistika Erakundeak enpleguari buruz egiten duen inkestak. Kontuan hartu behar da, gainera, Jaurlaritzak berak behin baino gehiagotan zalantzan jarri izan duela Eustaten inkestaren emaitzak.
Hala ere, atzoko datuak baliatu zituen ELAko idazkari nagusiak Lopezen eta Barcinaren gobernuari errieta egiteko. Adolfo Muñozen iritziz, badakite murrizketek langabezia gehiago eragiten dutela baina ez zaiela axola.
Ia 10.000 lanpostu galdu ziren iazko azken txanpan, Eustaten arabera
116.900 langaberekin amaitu zen urtea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; kopururik handiena da 2001eko hasieratik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu