Ia 500 langile kalerako bidean

Nafarroan Gamesak 273 langile egotzi nahi ditu, eta Bridgestonek beste 216 bota nahi ditu Bizkaiko lantegietatik

Joxerra Senar - Ivan Santamaria
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Muga guztiak hautsiak ditu langabeziak Hego Euskal Herrian, eta, oraingoz, enplegu galerak ez du atertzeko inolako itxurarik. Beste 500 langile kaleratzeko bidean jarri dituzte bi enpresa multinazionalek, bertakoa bata eta atzerrikoa bestea. Gamesak iragarri duen murrizketaren ondorioz, 273 kaleratze egon litezke Nafarroan. Bizkaian, berriz, Bridgestonek 216 behargin bota nahi ditu Basauriko eta Usansoloko lantokietatik.

Gamesan, bi aste iragan dira zuzendaritzak negozio plana aurkeztu eta «Espainian», baita Hego Euskal Herria ere, zuzeneko 480 lanpostu murrizteko asmoa azaldu zuenetik. Iragan astean langileen batzordeko ordezkariek bilera bana izan zuten Madrilen zein Zamudion, baina enpresak ez zien ezer zehaztu. Ustekabea eta albistea Nafarroako Parlamentutik etorri da. Langile batzordeko iturriak aipatuz, Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak aurreratu du Gamesak Nafarroan 273 langile kaleratu ditzakeela. Oraindik ez da zifra ofiziala, ez enpresak ez sindikatuek ez dutelako ezer esan. Hala ere, Barcinak botatako zifra biribila da.

Nahita edo nahigabe, Barcina ur nahasietan murgildu da. Nahiz eta lehendakariak sindikatuetako iturriak aipatu, Nafarroako Gamesako langileen batzordeko CCOOko ordezkariek azpimarratu dute Parlamentu kanpoan jakin dutela kaleratzeen kopurua. «Kazetari batek esan digu Barcinak esandakoa».

Atzo arratsaldeko lehen orduan CCOOko eta UGTko ordezkariek bilera zuten Madrilen zuzendaritzarekin, eta zerbait zehaztea espero zuten bi sindikatuek: «Hala eta guztiz ere, 17:00etan artean bileran zeuden, eta ordura arte ez zegoen ezer», adierazi du Beatriz Jimenez CCOOko kideak. «Minduta gaude, gobernuak langileak baino informazio gehiago duelako». Gogorazi du Barcinak berak onartu duela enpresarekin harreman zuzena eta etengabea duela, eta auzitan jarri du emandako zifra egiazki sindikatuek eman diotela.

ELAk, berriz, argi utzi nahi izan du eurak ez dakitela ezer. ELAko ordezkaririk ez da egon Madrilen, eta gaur bilera dute zuzendaritzarekin Iruñean. Alberto Garcia ordezkariaren esanetan, 273 kaleratzeen zifra baieztatzen bada, esan nahiko du «Estatuko kaleratzeen erdia baino gehiago Nafarroan» izango dela. Horregatik, Nafarroako langileen inguruko negoziazioa Nafarroan izatea aldarrikatu du.

Bridgestonen asmoak

Orain arte aldi baterako erregulazioak jasan izan dituzte Bridgestoneko langileek. Pneumatiko sektoreko multinazional japoniarrak norabidea aldatu du, ordea, eta Europan 750 langile botatzeko asmoa zuela jakinarazi zion Europako langile batzordeari joan den urriaren 30ean.

Kaleratze Horietatik 460 inguru Euskal Herriko eta Espainiako lantokietan izango zirela ere aurreratu zuen zuzendaritzak. Hori dela eta, erabaki gogorraren esperoan ziren langileak. Atzo, azkenik, dosierraren xehetasunak helarazi zizkion enpresak lantoki arteko batzordeari. Bizkaian 216 langile kaleratu nahi ditu, Europarako murrizketa osoaren laurden bat baino gehiago.

Bridgestonek 1.500 langile inguru ditu Basaurin eta Usansolon. Lantoki handiena Basaurikoa da; horretan, 1.400 langile ditu pneumatikoen multinazionalak. Horretatik 184 bota nahi ditu, behin betiko erregulazio dosier baten bidez. Usansolon, aldiz, 100 bat langile dira, baina dosierrak eragin handiagoa izango du, 32 lagun kaleratu nahi dituztelako.

Dosierraren dokumentazioa baino ez zien eman zuzendaritzak sindikatuei atzoko bileran. Alegia, ez du inolako baldintzarik edo kalte-ordainik eskaini, oraingoz. Era berean, dokumentazioa igorri dio Espainiako Lan Ministerioari. Espainiako beste lantokietan ere erregulazioa ezarri nahi duenez, informazioa ministerioak kudeatu behar du, baina ez du dosierra baimendu behar, azken lan erreformarekin administrazioen baimen beharra ezabatu zelako. Orain, erregulazioa negoziatzeko epea hasiko da.

Euskal Herrian eta Espainian dituen lau lantokietan kaleratzeak egin nahi baditu ere, guztiek zabalik iraungo dutela azpimarratu du enpresak, Efe agentziak aipatutako iturrien arabera. Aldi baterako neurriek ez dutela oraingoan balio ere ziurtatu du zuzendaritzak. «Pneumatiko eskaeraren erorialdiak urte batean baino gehiagoan iraun du, egoerak okerrera egin du, eta nahitaezkoa da lantaldea doitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.