Ekonomia

Ia bi mila lagun bildu dira Baionako manifestazioan, zerbitzu publikoa mantentzeko eskatzeko

Ipar Euskal Herriko arlo ugaritako funtzionarioak greba ari dira egiten gaur. Erretiratzen diren bi funtzionariotik bat ez ordezkatzea dauka helburu Frantziako Gobernuak eta horretarako zerbitzu publikoak murrizteko asmoa du.

2010eko urtarrilaren 21a
16:45
Entzun
Arlo ugaritako funtzionarioak greban daude gaur Ipar Euskal Herrian. Izan irakasleak, lurralde egituretako langileak, erizainak, SNCFako langileak...; ber helburuarekin lana utzi dute: zerbitzu publikoaren mantentzea galdatzeko.

FSU, SUD, SE Unsa, CGT, Solidaires, SGEN eta CFDT sindikatuek deituta Baionan goizean egindako manifestazioan iaz baino jende gutxiago bildu da: antolatzaileen arabera, 1.900 lagun bildu dira -Frantziako Poliziak dio 750 lagun izan direla- eta joan den urtean hamabi mila inguru elkartu ziren.

Grebaren jarraipenari dagokionez ez dago datu askorik. Lehen mailako hezkuntza arloan %70eko jarraipena ukan du.

Frantziako Gobernuaren murrizketa asmoak

Erretiratzen diren bi funtzionariotik bat ez ordezkatzea dauka helburu Frantziako Gobernuak, eta, hori lortzeko, hainbat erreforma dauzka bidean. Irakaskuntzan, irakasle postuen murrizketa sendi da azken urteetan. Lizeoari eta irakasleen prestakuntzari buruzko erreformak ber logikan daudela ikusirik, kezkaturik daude irakaskuntza arloko sindikatuak.

Osasungintzan ere, Roselyne Bachelot Frantziako Osasun eta Kirol ministroak egin nahi duen erreforma gaitzetsiko dute. Osasun arloa erabat berrantolatzea da Bachelot legea-ren helburua, sail horretan ere erizain kopurua txikituz.

Lurralde egituretako langileak berrantolaketaren erreformaz kezkaturik daude. Hau da, berrantolaketa hori egiteari buruz, erantzunik gabeko hainbat galdera daude. Horrez gain, zerga profesionalaren kentzeak diru iturri inportant bat desagerrarazten duela salatzen dute. Duela urtebete, urtarrilaren 29an, gaurko aldarrikapen berekin manifestatu zuten 15.000 lagunek Baionako karriketan.

LAB borroka zabal baten alde

"Epe luzerako mugimendu zabal eta bateratu baten" antolakuntza beharrezkoa da, LAB sindikatuaren iritziz. Hau da, hainbat arlotan gertatzen diren borrokak "ez dira koordinatuak, eta sektorialak eta sakabanatuak gelditzen dira". Alta, bakarka gertatu diren borrokek "borrokatzeko eta ihardukitzeko langileek nahikeria" islatzen dutela ikusirik, elkartzearen deia zabaltzen du sindikatuak.

Hori dela-eta, elkarte, alderdi, pertsona eta sindikatu ugari biltzen dituenez gero, Oldartu kolektiboan parte hartzeko gomita egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.