Enpresak

Iberdrolak argindarraren prezioa ez zuela puztu ebatzi dute epaileek

Egozten zioten 2013. urte amaieran energiaren prezioa «arrazoi legitimorik gabe» igotzea hainbat zentral hidroelektrikotan. Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, argindar mota hori ekoizten zutenek edozein prezio ezar zezaketen garai hartan.

(ID_13266563) ESPAÑA IBERDROLA JUICIO
Iberdrolaren zuzendaritzako bost kideak Auzitegi Nazionalean, urrian. CHEMA MOYA / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko urtarrilaren 10a
13:07
Entzun

Iberdrolak ez zuen artifizialki puztu argindarraren prezioa 2013. urtearen amaieran. Hori ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta egozten zizkieten karguetatik absolbitu ditu konpainia eta akusatuta zeuden zuzendaritzako lau kideak. Argindarraren prezioa «gehiegi eta arrazoi legitimorik gabe» igo eta horri esker milioika euroko irabaziak eskuratzea leporatzen zieten.

Antonio Romeral fiskalak 85 milioi euroko isuna jartzeko eskatu zuen, baita zuzendariei bi urteko kartzela zigorra ezartzeko ere. Haren arabera, Iberdrolak plan bat osatu zuen kontsumitzaileek argindarragatik gehiago ordain zezaten. Akusatuek, Angel Chiarrik, Gregorio Relañok, Jose Luis Rapunek eta Javier Paradinasek, oraindik ere ardura postuak dituzte enpresaren barruan.

Gaur plazaratutako ebazpenak baliorik gabe utzi ditu kasu horren ondorioz Iberdrolari ezarritako bahiturak eta behin-behineko neurriak. Besteak beste, hau dio ebazpenak: «Epaiketak erakutsi du aztertutako garaian Iberdrolak merkaturatu egin zuela zuen energia hidroelektriko guztia». Azaldu duenez, argindar mota hori ekoizten zuten enpresek edozein prezio ezar zezaketen garai hartan, betiere 180 euro megawatt-ordukora iristen ez baziren —aurrerago, Europako Batasunaren eskakizunengatik kendu zuten muga hori—. «Zaila da delitu bat hautematea debekatuta ez zegoen zerbait egiteagatik», laburbildu du epaiak.

Gertakariak

CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearen eta fiskaltzaren arabera, Iberdrolaren argindar produkzio filialak, Iberdrola Generacionek, Douro, Sil eta Tajo ibaietako zentral hidroelektrikoetan ekoitzi behar zuen energiaren prezioa puztu zuen eguneko merkatuko prezioaren gainetik, «arrazoi legitimorik gabe», 2013ko azaroaren 30etik abenduaren 23ra. Eskaintza bezerorik gabe geldituta, zentralek ez zuten argindarrik ekoitzi, eta, horrela, modua izan zen ziklo konbinatuko argindar garestiagoa sartzeko argindarraren azken prezioa ezartzen den enkantean. Horrela, elektrizitate guztia ziklo konbinatuen prezioan ezarri zen, kontsumitzaileen eta merkaturatzaileen kalterako. Fiskaltzaren datuen arabera, egun horietan %126 garestitu zen argindarraren prezioa.

Instrukzio fasea 2015ean hasi zen, eta 2017an, Guardia Zibilak eta Polizia Judizialak Iberdrolaren Bilboko eta Madrilgo egoitzak miatu zituen. Bertan aurkitu zituzten dokumentu batzuk irakurri ostean ondorioztatu zuten enpresak bilera informal batzuetan zehazten zituela zentral hidroelektrikoetan ekoiztutako argindarraren prezioak.

Azaroan amaitu zen epaiketa, 21 saio egin ostean, baina salatzaileek errekurtsoa aurkeztu dezakete oraindik. Ustelkeriaren aurkako fiskaltzaren ustez, Iberdrolaren trikimailuek 107 milioi euroren kalteak sortu zituzten; horietatik 96,7 milioi kontsumitzaileek ordaindu zituzten, eta gainontzekoa, argindar merkaturatzaileek. Iberdrolak urte horretan lortutako mozkinen %3,3 da hori. Aurrez, 2015ean, CNMCk jarri zion 25 milioi euroko isun bat konpainiari afera beragatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.