Iberdrolak bertan behera utzi du AEBetako PNMren erosketa

Iberdrolaren arabera, «aurrez adostutako baldintzak ez betetzeagatik» eten dute fusioa. Fusioarekin, AEBetako argindar enpresa handienetako bat sortzekoak ziren.

ESPAÑA IBERDROLA JUNTA
inaut matauko rada
2024ko urtarrilaren 2a
12:30
Entzun

Espainia, Brasil eta Erresuma Batuaren ostean, Amerikako Estatu Batuak dira Iberdrolaren merkatu nagusia. Avangrid da Bilboko enpresaren filiala AEBetan, eta 2020an iragarri zuen PNM Resoures enpresa erosiko zuela. Bada, erosketa bertan behera uztea erabaki du Iberdrolak gaur, PNMk ez dituelako bete «aurrez adostutako baldintzak». PNMk adierazi du «oso dezepzionatuta» dagoela Iberdrolaren erabakiaren harira, eta adierazi du bezeroak eta komunitateak izango direla kaltetuak.

PNM erosita, 18.100 milioi euro inguruko balioa izango luke Iberdrolaren AEBetako enpresak. 2020an iragarri zuen Avangridek PNM erosiko zuela, baina, 2021ean, Mexiko Berria estatuko Erregulazio Publikoaren Batzordeak gelditu egin zuen fusioa, uste baitzuen arriskutsuegia zela erosketa, bezeroek onura baino kalte gehiago izango zutela argudiatuta. Bi ziren arrazoi nagusiak: Avangridek Maine estatuan eskaintzen zuen zerbitzu txarra eta Villarejo kasua.

Hala, 2022 hasieran Avangridek batzorde arautzaileari adierazi zion PNMrekin zuen fusio akordioa 2023ko apirilera luzatuko zuela. Epe hori luzatuz joan dira 2023ko abenduaren 31ra arte, baina Iberdrolak azkenean uko egin dio horri, gaur adierazi baitio CNMV Balore Merkatuen Espainiako Batzordeari erosketa bertan behera uzteko asmoa.

Avangrid

Iberdrolak Avangriden akzioen %81,5 ditu, eta ia 4.000 milioi euroren truke zen erostekoa PNM Resources. Herrialdeko argindar enpresa handienetako bat sortzeaz gain, energia berriztagarri operatzaileen artean hirugarren izango zen enpresa. Nahiz eta fusioa bertan behera utzi, AEBetan etorkizun ona duela iradoki du Iberdrolak, eta sinatuak dituen kontratuak nabarmendu.

9.000 milioi dolarren proiektuak ziurtatuak ditu AEBetan, Iberdrolaren merkatu handienetako laugarrenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.