Bere erreskate planak behartuta beste enpresa batzuetan dituen parte-hartzeak jarraitzen du Bankiak. Iberdrolaren txanda izan da gaur. Bilboko konpainiaren akzioen %4,94 zituen banku nazionalizatuak, eta gaur goizean saldu ditu, 4,85 euroan. Guztira 1.527,2 milioi euro patrikaratu ditu, eta 266 milioi euroren irabaziak lortu ditu horri esker, akzio horiei balio txikiagoa ematen baitzien bere liburuetan.
Bankiak ia 18.000 milioi euro jaso zituen Europatik, Espainiako bankuen erreskatearen ia erdia. Laguntza horren truke neurria txikitzera, esparru mugatuago batean aritzera eta parte hartze industrialak saltzera behartuta zegoen banku nazionalizatua. Lan horretan buru belarri sartuta dago Jose Ignacio Goirigolzarri bilbotarrak gidatzen duen bankua: 2013ko abenduaren 31ko datuekin, 35.495 milioi euroren desinbertsioak egin ditu. Salmenta gehienetan irabazi mardulak lortu ditu, gainera: IAG aire konpainiatik ateratzean (British Airways eta Iberia) 167 milioi euroren plusbalioa lortu zuen, 165 milioi Mapfren, eta 63,7 milioi NH Hotelesen.