Iberdrolaren irabazien hazkundea ikusita, soldatak handitzea eskatuko du ELAk

2023ko lehen bederatzi hilabeteetan 3.637 milioi euro irabazi ditu Iberdrolak, eta langileei soldata KPIaren igoeraren arabera handitzea eskatuko du ELAk bihar.

Iberdrolako langileek martxoan ELAk deitutako mobilizazioan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
2023ko azaroaren 3a
11:35
Entzun

Ohiko bihurtzen ari da energia enpresa handiek eta bankuek hilabetez hilabete irabaziak handitzea. Iberdrola ez da salbuespena, urtarriletik irailera bitartean %17 handitu baitzituen mozkinak. Tarte horretan 3.637 milioi euro irabazi ditu. Iberdrolaren «etekin handi» horiek ikusita, enpresako ELAko ordezkariek manifestazioa antolatu dute biharko Bilbon, 12:00etan, KPIaren araberako soldata igoerak eskatzeko.

Sindikatuaren arabera, enpresako langileak erosteko ahalmena galtzen ari dira, Iberdrolak mozkinak handitzen dituen bitartean. Izan ere, hitzarmenean ez dituzte hitzartuak inflazioaren araberako soldata igoerak. ELAren kalkuluen arabera, urtean bi ordainsariko galera izan dute erosteko ahalmenean, 2020arekin alderatuta.

Iberdrolaren jarrera salatu du ELAk, Espainiako Gobernuari zergak ez igotzeko eskatzen diolako, baina langileei ez dizkietelako soldatak igotzen. «Irabaziak goi zuzendaritzarentzat, inbertsio taldeentzat eta ekonomia espekulatiboarentzat nahi dituzte, eta ez irabazi horiek sortu dituzten langileentzat», salatu du sindikatuak.

Iberdrola, negoziazioak blokeatzen

ELAk manifestaziora deitzea erabaki du, haren hitzetan, Iberdrolak negoziatzeari «uko» egin diolako. Horregatik, urriaren 18an eta 25ean, langile batzuek protestak egin zituzten Bilboko Iberdrola dorrearen parean; sindikatuak protesta horietan parte hartu zuten langileei dei egin die biharko mobilizazioan parte hartzeko.

Horrez gain, «akordio duina lortzeko» lanean ari dela adierazi du ELAk, eta iragarri du azaroaren 18an langileak Galiziara joango direla, eta azaroaren 25ean Madrilera, protesta egitera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.