Enpresa ertainek eta txikiek eta langile autonomoek maileguak eskatu ahal izango dizkiote Espainiako Kreditu Ofizialeko Institutuari (ICO). Ekainaren 15etik aurrera utziko du dirua, eta espero du 2011. urtea amaitu aurretik 100.000 mailegu ematea.
Krisi ekonomikoaren ondorioetako bat da hainbat enpresak eta langile autonomok zailtasun handiak dituztela bankuen eta aurrezki kutxen aldetik maileguak eskuratzeko. Oztopo horiek gainditze aldera, ICOri zuzenean dirua eskatu ahal izatea erabaki zuen atzo Espainiako Gobernuak. Gehienez 200.000 euro utziko ditu institutuak, merkatuko interes tasa ezarriko du eta maileguan bueltan ez jasotzeko arriskua oso-osorik bere gain hartuko du.
Banku edo aurrezki kutxen artean enkantea egingo du Ekonomia Ministerioak, eta baldintza onenak eskaintzen dituenak egingo du bezeroaren eta ICOren arteko bitartekaritza lana. Zerbitzua ematen duen bankuak ezingo du aldaketarik egin prezioetanedo baldintzetan.
Zaharberritze merkeagoa
Espainiako Gobernuak atzo krisiari aurre egiteko onartutako neurrietako bat da ICOren mailegua. Besteren artean dago etxebizitza berritzea erabakitzen dutenei errenta zerga gutxitzea -ez du eraginik Hego Euskal Herrian-, ondorioz, zaharberritze lan horietan erabilitako materiale guztiei BEZ murriztua ezarriko zaie 2012ko abendura arte. Auzipetze Zibileko legea ere aldatuko dute, etxebizitza galtzeko aukerak gutxitzeko. Zehazki, gaur egun gutxieneko soldata baino gutxiago irabazten dutenek soilik dute mailegua pagatzeari utzi eta etxebizitzari eusteko eskubidea; aurrerantzean, %10 igoko da kopuru hori. Gainera, konkurtso legean dauden enpresek administrazioaren kontratuei eutsi ahal izango diete, industria politika zehazteko batzordea eratuko dute, eta aireportuetako tasak aldi baterako jaitsiko dira.
ICOk 100.000 mailegu zuzen emango ditu ekainetik aurrera
Etxebizitza zaharberritzeko erabilitako materialei BEZ murriztua ezarriko zaie
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu