Identifikazio biometrikoa, eskala masiboan

Ivan Santamaria.
2017ko martxoaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lanbiden hatz marka digitala ezarrita, identifikazio sistema biometrikoak eskala masiboan erabiliko dituen lehen euskal administrazioa izango da Eusko Jaurlaritza. Teknologiaren garapenak eskura jarri ditu horrelako bitartekoak, baina orain arte erabilera oso mugatua izan dute, segurtasun kontuetatik aparte. Zalantza ugari sortzen dituzte, gainera.

«Gehien erabilitako sistema, zalantzarik gabe, hatz markak dira. Gizartean gehien onartzen dena da, edo, bestela esanda, gutxiespen txikiena duena, onartuta dugulako hatz markak hartzen dizkigutela nortasun agirirako edo pasaporterako», azaldu du Juanjo Unzilla EHUko informazioen segurtasuneko adituak.

Hatz marka eskaneatzeak ez du esan nahi sisteman osorik gordeko denik. Hau da, ez litzateke hatz marken datu base berri bat sortuko. Berriz, sistemak identifikazio puntu batzuk jasoko lituzke, eta horiek erabiltzaile bati egokituko lizkioke. Lanbidek ehunka mila erabiltzaile ditu urtero.

Iritzi kontrajarriak daude. Batetik, identifikazioa asko erraztuko luke. Hiru sistema erabiltzen dira: norberak dakien gauza batean oinarritzen direnak (pasahitza), norberak daraman zerbaitetan oinarritutakoak (txartel bat), edo norberaren gauza bat baliatzen dutenak (gorputz atalen bat). Azken horiek lirateke seguruenak, hasiera batean.

Sistema biometrikoak zabaldu ahala, bestetik, zalantzak agertzen hasi dira. Arrazoia sinplea da. Kritikoek diote lapurreta digital bat jasanez gero, erraza dela gako bat edo txartel bat aldatzea. Norberak duen hatz marka aldatzea ezinezkoa da, ordea. Erresoluzio handiko argazkien bidez hatz marka lapurtzea posible dela frogatu dute informatikariek. Arriskua beti egon dela uste du Unzillak. «Lehen ere silikonarekin posible zen hatz marka faltsutzea».

Datuen babeserako agentziek proportzionaltasuna eskatzen dute horrelako sistemak martxan jartzean. 2012. urtean egindako instrukzio batean, gimnasio baten sarbiderako adibidea jartzen zuten, gehiegizkoa zer den azaltzeko. «Pertzepzio pertsonala da zeure hatz marka oso gauza pribatua dela, baina egia da gaur egun ere nortasun agiria gauza askotarako ematen duzula, eta ez da hain ezberdina», zehaztu du Unzillak. Adituaren aburuz, intentzio bat duen erabakia da Lanbiderena: «Tituluaren bila joan dira. Kontrol modu zorrotzagoa izango dela adierazi nahi da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.