Eusko Jaurlaritza

I+G atalerako 171 milioi euroko aurrekontua dauka Gasteizek aurten

%21,8 igoko dira ikerketa eta garapanerako proiektuak finantzatzeko laguntzak Hazitek programan. Guztira, 82,8 milioi euro banatuko ditu programa horrek.

Tapia eta Erkoreka, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
xabier martin
2017ko urriaren 17a
09:22
Entzun

Euro publiko bakoitzeko 2,7 euro pribatu jarri dira ikerketa eta garapena finantzatzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2016. urtean. Jaurlaritzako Ekonomiaren garapeneko sailburu Arantxa Tapiak azaldu du Hazitek programak %21,8 igoko duela aurten aurrekontua, 82,8 milioi eurora arte. Programa horren bidez, 734 enpresak hainbat proiektu egin zituzten iaz, eta horietatik %67k esan dute salmentak handitu egin dituztela, hain zuzen I+G proiektu horiei esker. "Ikerketa eta garapenaren atalean diru pribatua martxan jartzea sustatu nahi dugu", esan du Tapiak.

2017an, guztira 171,3 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak, Hazitek programaz gain, Elkartek, Emaitek + eta Berritek kontuan izanda, betiere ikerketa eta garapenerako. Atzo onartutako Industria Planak jasotzen duenarekin bat datoz laguntza horiek, sailburuak azaldu duenez. Plan horrek ere poligonoetara banda zabala ultra azkarra eramateko ekimena jasotzen du. Tapiak esan du hamasei hilabete barru Araba, Bizkai eta Gipuzkoako poligono guztien %93k izango dutela banda ultra azkarraren estaldura. 146 poligonotako 1.132 enpresa banda zabala baliatzeko tenorean izango dira. 819 milioi euroko inbertsioa egingo du Lakuak enpresen lehiakortasuna handitzeko, banda zabala ultra azkarraren bidez.

Hirugarren neurri bat ere onartu du gaurko Gobernu Kontseiluak Industria Planarekin jasotzen den I+G atalarekin lotua. Bekadunak kontratatzeko 1,5 milioi euroko aurrekontua izango da. 22 bekadunen soldatak pagatuko ditu Lakuak lau urtez, hamar teknologorena eta doktoradutza ateratzen ari diren beste hamabi bekadunena. 18.500 euroko soldata jasoko dute lehen bi urteetan; 19.500 hirugarrenean; eta 24.000 euro laugarren eta azken urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.