Greba eskubideaz gain, gutxieneko zerbitzuak edukitzeko eskubidea ere bermatu egin behar du legez Administrazioak, eta etziko greba egunean ere beste horrenbeste egingo du. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak aldaketak egin ditu aurreko grebekiko -2002ko ekaina-. Azpimarratzekoa da hezkuntza alorrean hartutako erabakia, ikastetxeek eta haur eskolek ateak ireki beharko baitituzte greba egunean. Garraioan ere handitu egin ditu gutxienez bete beharreko zerbitzuak. Gainontzekoetan ez da aldaketarik egon.
1. Hezkuntza
Jaurlaritzak egin duen aldaketarik nabarmenena alor horretan izan da. Aurreko grebetan ez bezala, ireki egin beharko dute ikastetxe publiko eta pribatuek eta haur eskolek, eta ikasleei «arreta» eman. Gutxienez zuzendaritza taldeko pertsona batek eta administrari laguntzaile batek egon beharko du ikastetxeko; haur- hezkuntzan eta lehen hezkuntzan irakasle batek lau gelako. Haur eskoletan, berriz, langileen %25 bermatu beharko da.
2. Garraioa
Arlo horrek eman ohi du zeresanik handiena greba guztietan. Kasu honetan, duela zazpi urteko grebatik igo egin ditu Jaurlaritzak gutxienez eman beharreko zerbitzuak, %20tik %30era. Lanerako sarrera eta irteera orduetan ere arreta berezia jarri beharko dute garraio enpresek.
Bestalde, ordainpeko autobide eta tuneletan jaiegunetan egoten den langile kopuru berdinak lan egin beharko du, errepideen mantentze zerbitzuetan bezala. Gasolindegietan, berriz, zerbitzua %30ean bermatuko da.
3. Osasuna
Orain arteko greben pare jarraituko dute osasun zerbitzuetako gutxieneko zerbitzuek. Ospitaleetan jaiegunetako langile kopuru bera egongo da; lehen mailako artatze zerbitzuetan, larunbatetakoa, eta larrialdi zerbitzuek eta artatze iraunkorreko guneek %100 funtzionatuko dute. Dialisi prozesuak eta tratamendu onkologikoak ere emango dira.
Osasuneko garraio enpresek ez dituzte kenduko larrialdi zerbitzuak, ezta egun horretarako programatuta dituzten hemodialisi eta onkologia tratamenduak eta ospitale barneko garraioa ere. Osasun arloko telefonia zerbitzuan langileen %25 ariko dira.
4. Larrialdi zerbitzuak
Babes zibila, suhiltzaileak, SOS-Deiak, Trafikoa Kudeatzeko zentroak, eta beste antzeko larrialdi zerbitzuek jaiegun batean izaten duten langile kopuru berarekin lan egingo dute.
5. Besteak
Geriatrikoetan eta ezinduen zentroetan zuzeneko arreta zerbitzuak ziurtatuko dituzte: gerokultore edo klinika laguntzaileen %60 ariko dira lanean, eta langile sanitario eta sukaldarien %50.
Adingabekoen eta etxez etxeko laguntzen arloari dagokionez, berriz, jaiegunetako zerbitzua izango da. Argindarra, gasa, eta ura hornitzen duten enpresek ere jaiegunetako langile kopurua izango dute. EITBn albistegiek bakarrik egon beharko dute bermatuta, eta ohiko ordutegian izango dira.
Ikastetxeek eta haur eskolek ireki egin beharko dute greba egunean
Garraioan zerbitzuek bete beharreko gutxienekoa %20tik %30era igotzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu