Mari Jose Aranguren. Orkestrako zuzendaria

«Ikerketa esfortzuan ondo kokatu gara; ez hainbeste emaitzetan»

Ikerketaren bidez lehiakortasuna bultzatzeko helburuz sortu zen Orkestra. Arangurenek, zuzendari nagusi berriak, misio hori sendotu nahi du, enpresa gehiagorekin eta nazioarteko adituekin arituta.

Miren Garate.
Donostia
2014ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Enpresa Zientzietan doktorea eta Ekonomia irakaslea Deustuko Unibertsitatean. Unibertsitate horrek sustatutako Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendari izendatu dute Mari Jose Aranguren —zuzendari akademikoa zen orain artean—. Argi du: ikerketa, arazoa duenarentzat egin beharrean arazoa daukanarekin eginda, eraginkorragoa izaten da.

«Garai estrategikoan» hartu duzu Orkestraren zuzendari nagusi kargua, institutua ikerketa-ekintza eredua sustatzen ari baita. Zein dira eredu horren berezitasunak?

Sortu zenetik, Orkestraren misioa izan da zubi lana egitea ikerketaren eta errealitateko arazoen artean. Ikerketa distantziatik soilik egin beharrean, ikerketaren bidez erantzuten diegu herrialdeak lehiakortasun aldetik dituen erronkei; ikerketa arazoa daukanarekin eginez, arazoa duenarentzat egin beharrean.

Askotan ikerketa paperean geratzen dela iruditzen zaizu?

Ikertzaileak pasatzen ditu hainbat hilabete ikerketa bat egiten; idatzi, eta entregatu egiten dio agindu dionari. Baina oso zaila da arazoa zuenak ikerketa bere horretan barneratzea eta haren eginbeharretan eragitea. Eraginkortasun hori lortzeko aukera gehiago daude biak elkarlanean arituta. Esaten da ikerlariak ezagutza sortuko duela eta gero errealitatera transferitu, baina transferentzia hori ez da automatikoki egiten. Noski, ez dut esaten bestelako ikerketarik egin behar ez denik; bestelako ikerketa horrek ere asko laguntzen du eragileengana zoazenean.

Ikerketa-ekintza eredu horrek nola aldatzen du ikertzaileen lan egiteko modua?

Eskatzen du ikertzaileek eragileekin lan egiteko gaitasuna izatea. Teknikoki oso jantzia egon daiteke ikertzailea, baina harreman horiek landu ez baditu, zailtasun gehiago izan ditzake.

Harvard unibertsitateak berak ere txalotu egin du Orkestraren eredua.

Harvard unibertsitateak munduko sare bat du, 120 unibertsitatez osatutakoa. Horietatik berrogei inguruk lehiakortasunerako institutu bat sortu dugu, Deustuko Orkestra bezala. Harvardek esan du berrogei horietatik gu garela aurreratuenak, asmatu dugulako ikerketa airean ez egiten, baizik Euskadiko eragileek dituzten arazoekin bat eginda. Ikerketan emaitza onak ari gara izaten, argitalpenetan eta abar, eta, aldi berean, eraldaketa ari gara sortzen. Horregatik esan zigun interesgarria litzatekeela idatziz azaltzea nola ari garen lanean eta Harvarden aurkeztea, mintegi batean edo. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile batek idatzi du dokumentua, eta, argitaratu aurretik, Harvard azken doikuntzak egiten ari da.

Orkestrak zertan asmatu duela esango zenuke?

Sortzaileek hasieratik zuten argi Orkestraren misioa zela ikerketen bidez Euskadiko lehiakortasuna hobetzea, eta horretarako hemen lan egin behar genuela hemengo eragileekin, baina baita munduko sareekin ere. Oso garrantzitsua izan da misio hori argi izatea eta misioa ondo barneratua duen ikerketa taldea izatea. Bestalde, sortzaileek proiektu honekin konpromisoa lortu zuten, bai administrazio publikoetatik, bai enpresa pribatuetatik —Euskaltel, Repsol Petronor, Iberdrola...—, eta babes horri eutsi diote haiek.

Nolako emaitzak ditu EAEk ikerketan?

Ikerketan eta garapenean egiten den esfortzuan ondo gaude kokatuta. Gastatzen dena, jartzen diren baliabideak, pertsonen duten maila eta beste egokiak dira. Baina, berrikuntzako emaitzen adierazleei dagokienez, hau da, zenbat fakturatzen den produktu berrien bidez, zenbat produktu berri dauden eta abar, emaitzak ez dira hain onak. Heriotzaren haran moduko bat dagoela esaten da; ari gara inbertitzen, baina batzuetan emaitzak ez dira hain onak. Dena den, ez da soilik EAEko arazoa, Europan berdin ari baita gertatzen.

Unibertsitatea bera ere gizartetik urrunegi dago?

Unibertsitatean, alde batetik, prestakuntza egiten da; bestetik, ikerketa; eta beste misio moduko bat da unibertsitatea lotzea gizartearen beharrekin. Niretzat, hirugarren misio horrek kontraesanak ditu; misio horrek prestakuntzaren eta ikerketaren zati integrala izan behar du.

Orkestrari zein erronka nagusi finkatu dizkiozu?

Orain arte asko lan egin izan dugu administrazio publikoekin, eta erronka dugu enpresa gehiagorekin lan egitea. Nazioarteko institutuekin elkarlanean aritzeko aukerei ere ari gara bueltak ematen. Uruguay, Txile, Errusia, Kolonbia eta beste hainbat tokitatik eskatu izan digute herrialde horietan proiektuak garatzeko. Modu bat bilatu behar dugu haietako ikerketa taldeekin lan egiteko, gure metodologia beste toki batzuetan aplikatzeko eta guk beste tokietatik ikasteko. Erronka iraunkor bat ere badugu: Orkestran dauden institutuen eta enpresen konpromisoak bizirik jarraitzea. Azkenik, nabarmenduko nuke hau Deustuko Unibertsitatearen proiektu bat dela, eta uste dut badugula ardura hemen sortutako ezagutza beste ikerketa taldeen eta unitateen zerbitzura jartzeko.

Europako Batzordeko Horizon 2020 programako aholkularia ere bazara. Zein lan egiten duzu talde horretan?

2020ra arte Europatik egongo diren ikerketa funtsak kudeatzen ditu programak. Erronka batzuk finkatu dira, eta ikerketaren bidez erantzun nahi zaie erronka horiei. Ni seigarren erronka deitutako lantaldean nago. Erronka horrek dio Europako gizarteak gogoetazalea, berritzailea eta barneratzailea izan behar duela. Bada, hainbat herrialdetako adituak elkartzen gara, adosteko zein elementu kritiko landu behar genituzkeen halako Europa bat bultzatzeko. Dokumentu bat prestatzen dugu, eta Europako Batzordeak hura erabiltzen du deialdiak definitzeko.

Europak eskualdeei aholkatu die sektore guztietan saiatu beharrean onak diren horietan sakontzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa zertan dira onak?

Manufaktura aurreratuan oso aurreratuta gaude, produkzio moduetan, pertsonen gaitasunean nahiz maila teknologiko eta zientifikoan. Energiaren esparrua ere oso garrantzitsua da. Dugun industria motagatik, oso lehengai beharrezkoa da, eta, gainera, beste sektore batzuen dibertsifikazioa lortzen lagun dezake. Esaterako, energia ekoizle handiek traktore lanak ere egiten dituzte, eta energia ekipamenduen arloan talde handi bat sortu da. Horrez gain, urteotan ahalegin handia egin da dibertsifikazioa bultzatzeko, nanoteknologiatan eta bio arloan, adibidez. Inportantea da apustu hori aprobetxatzea, sortu den ezagutzak industria dibertsifikatzen laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.