Ikerketa merkaturatzeko jauzia

Europako Batasunak sustatutako Raw MatTers komunitatean ari da Mondragon, lehengai estrategikoen arazoei soluzio berriak eman nahian; I+G proiektu berriak eskuratzeko bidean da

Joseba Perez Arrasateko MCren egoitzan. XABIER MARTIN.
xabier martin
Arrasate
2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Europako Batasunak lehengai estrategikoekin duen morrontza txikitu nahi du, inportazioen bidez lortzen baititu. Berriki, Raw MatTERS izeneko KIC bat (Knowledege and Innovation Communities) jarri du martxan iturri berriak identifikatzeko, lehengaiak ordezkatzeko eta materialak birziklatzeko. Mondragon taldea buru-belarri dabil EBren babesa eta sustapena duen komunitate horretan, ikerketa, hezkuntza eta industria alorretako beste hainbat eragilerekin batera; besteak beste, Tecnaliarekin berarekin batera.

«Gure helburua ez da oinarrizko teknologia sortzea, ikerketa fasean dagoen teknologia hori merkatura eramatea baizik», azaldu du Joseba Perez Bilbatua Mondragon taldeko Berrikuntza eta Teknolgia ataleko arduradunak (Bilbo, 1968). Horrekin batera hezkuntzarekin, teknologia berri horiek gauzatzeko «beharko diren profesionalen trebakuntzarekin lotutako erantzunak» ere eman behar ditu Raw MatTERs komunitate europarrak. Jarduera hori bete-betean sartzen da EBk aurrez aurre duen iraunkortasunari buruzko desafioan. Mondragonek eta beste eragileek helburu garrantzitsua dute datozen urteetan arazo zehatzei erantzun zehatzak ematen hasteko.

Aurretik esanda doa: soluzio berri horiek sortu ahala, negoziorako aukera berriak zabalduko dira I+G atalean, eta Arrasateko kooperatiben taldeak lehentasunezko posizioetan egon nahi du Raw MatTERs komunitatearen barruan abiarazitako proiektu berriak bere enpresetara erakartzeko. «Helburua da bazkide bat baino gehiagoko enpresa europarrak sortzea, arazo zehatzei soluzio zehatzak emateko», dio Perez Bilbatuak. Berlinen izango du egoitza jakinduria eta berrikuntzaren komunitateak, eta zazpi eta hamabost urte arteko iraupena izango duen enpresa egitura. Aurten zerrendatuko dira proiektu jakinak, eta 2016tik aurrera hasiko dira gauzatzen.

Sehaskatik sehaskara

«Lur arraroak, kobaltoa, litioa, tugstenoa, eta abar arazo handia dira EBrentzat, baina ez horiek bakarrik», esplikatu du Mondragoneko kideak. «Eskaera gero eta handiagoa da, eta iraunkortasuna mehatxaturik dago, ez bada behar adina birziklatzen eta egoki berrerabiltzen». Sehaskatik hilobirako gailuen ibilbidean ez da behar adina esku hartzen, adituaren ustez; «balioaren katean sakonduz, negozio berriak sortzeko gai izan behar dugu». Arazoa dena aukera bihurtzea da ideia, azken finean. «Estrategikoak diren lehengaiak hilobian dauden gailuetatik hartu eta berriro isolatzeko teknologiak gauzatzea oso garrantzitsua litzateke». Lur arraroak dituzten gailuetatik nola berreskuratu da erronka handienetako bat, betiere hornidura bermatzeko. «Ez da bakarrik birziklatzea, materialak ateratzea eta isolatzea da, berriro balioaren katean sartzeko». Sehaskatik hilobirako bizitza aroa, sehaskatik sehaskarako zirkulua bihurtzeko teknologiak garatzea da eragile europar horien asmoa, beraz.

Berreskuratutako material horiekin ez da zertan bigarren mailako produkturik egin, edo bai; agian, merezi duelako, prezio-kalitatearen arteko oreka ona bada. «Lehengai batzuk ordezkatzea lortzen badugu, segurtatu beharko da material hori eskura izango dugula luzaroan, edo asko dagoelako, edo erraza delako baztertutako gailu zaharretatik berriro hartzea».

Bide teknologiko horiek guztiak ez dira garatu orain arte, «beharbada, merkeagoa zelako Txinatik lehengai zehatz bat ekartzea»; baina, orain, berriz, horniduraren arazo estrategikoa lehenesten ari dira EBko agintariak, hor dago aldea.

Birziklatzearen garrantzia

Mondragon taldeko enpresek jorratzen dituzten jarduerei begira, Raw maTERS komunitatean garatuko diren lau sektoretatik hirutan dauka arreta jarrita Joseba Perez Bilbatuak: mugikortasunean, makinerian eta energian. «Ez gara lehengaiaren hornitzaileak, erabiltzaileak baizik; rol hori daukagu KICaren barruan». Beste eragile batzuk lehengaiaren hornitzaile zuzenak dira. Ikuspuntu desberdinez aritzen diren komunitateko subjektuak elkarrekin bide berriak eskaintzea ez da erraza, baina soluzioak hortik irits daitezke.

Mondragonen hainbat kooperatiben jardueran birziklatzea garrantzitsua da, eta atal horretan balio erantsia luketen soluzioak aplikagarriak lirateke. Zer esanik ez, teknologia hori garatuko lukeen enpresa berrietan parte hartze zuzena izango balute. Horixe lortu nahi da, sortzen duten teknologia beren jardueraren alde jartzea, eta parte hartze aktiboa edukitzea teknologiaren garapenean, joint-venture edo sor daitezkeen bestelako enpresetan.

Raw MatTERS komunitateak 200 milioi euroko balioa duen proiektu sorta garatuko du; kopuru horren %25 EIT European Institute of Innovation and Technologyk jarriko du, eta gainontzekoa inbertsio pribatua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.