Urdaibaiko Guggenheim ikur izango dela zalantzarik ez da. Baina burtsan lez, ikurren zeinua garrantzitsua da: negatiboak edo positiboak izan litezke. Rating etxeen kasuan ere, kaudimen kalifikazioei, joeraren araberako zeinua jartzen diete. Greziaren aldeko ikur negatiboa erakutsi zuen atzo S&P rating etxeak, baina oraingoz kalifikazioa mantenduko diola jakiteak zoratzen jarri zituen txerritxo ehiztariak. Pentsatzekoa da presio politikoak ez direla, kasu horretan ere, txikiak izango. 1.751 milioiren salerosketarekin, Lagan itsasoaren mailak bezain azkar egin zuen gora Ibex-35ek (+%0,93). Blue chip-ek egin zuten igoeraren buru: %1na pasa igo ziren Repsol-YPF eta BBVA; %0,9na inguru bi erraldoiak, %0,85 Edurnezuri eta %0,93 pasiboan egurra ematen hasi den Santander. Aurrezki kutxen biosferarako mehatxu garbia izan liteke. Gainera, Erreserba Federalak ere kontserbazionista jokatuko du interes tasekin. Ez da gutxi.
Finantzabideak lortzeko alternatiba gisa baliatzen da jatorrian burtsa. Iaz 2,1 milioiren fakturazioa izan zuen AB-Biotics bioteknologia enpresak burtsaratzeko pausoak ematen hastea erabaki du. Enpresa txiki eta ertainentzako pentsatua den Mercado Alternativo Bursatil delakoan salerosiko litzateke bere akzioa. SIBEren kasuan, hiru enpresa daude oraingoz merkatu horretan: Gowex (-%2,67), Imaginarium (+%2,08) eta Zinkia (-%1,9). Merkatu honen ezaugarri eta arazo nagusietako bat likidotasun eskasa da. Atzo 22.000 euroren akzioak baino ez ziren salerosi.
Ikurren zeinua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu