Ainhoa Etxaide LABeko buruak duela aste batzuk kazeta honetan bertan aitortu zuen langileen artean sinesgarritasuna galdu duela irtenbide kolektiboak, eta, kezkagarriena zaiona, «langile izatearen harrotasuna» galdu dela. Morenoren iritziz, langile klasea, objektiboki, existitzen da, baina langileen pertzepzioa aldatu da. Harago doa Guy Standing ekonomista britainiarra: Marx edo Weberren gizarte klaseen banaketa klasikoak gaindituta daudelakoan dago, eta prekariatua sortzen ari dela azaldu du The Precariat eta The Precariat Charter liburuetan—El precariado. Una nueva clase social (Pasado&Presente) eta Precariado. Una carta de derechos (Capitan Swing) gazteleraz—. Eskubide politikorik, zibilik, sozialik eta ekonomikorik gabeko klase bat.
«Integratuta ez dagoen sektore bat ari da sortzen, oso ahula dena. Eta gero eta kolektibo gehiago ari dira hor kokatzen, inorena ez den lurrean», dio Morenok. Txirrindularitzan gomarena egiten dutenekin parekatu du prekariatua. Behin eta berriz taldetik atzera geratu eta berriro gomarena eginez tropelaren isatsari lotzen zaizkie, eta berriro ere atzera geratzen dira. «Prekaritateak zatiketa garrantzitsua eragin du langilerian, eta baldintza txarrenak dituztenen artean, hain zuzen, oso oso ahula da klase kontzientzia», EHUko soziologoaren esanetan.
«Zelan sentituko naiz langile oraindik ez banaiz hasi benetan langile izaten?», dio Carmen Cuberok. 29 urte ditu bost urtez Bilbon bizi den andaluziarrak, goi mailako titulu eta masterrak izan arren, eta lau hizkuntza jakin arren —tartean, euskara—, lan prekarioak kateatuz bizi da. Halere, ez da iristen hilaren amaierara. Asko jota 350 euro irabazten ditu orain, aldi baterako laneko enpresa baten bitartez museo batean bisita gidatuak eginez, beste master bat ikasi bitartean. Euskal Herrian milaka pertsona bizi dira Cuberoren egoeran, gazteak eta ez hain gazteak. Lan gero eta prekarioagoetan batzuk, langabezian beste batzuk.
KLASE BERRI BAT?
Cubero ez da Maiatzaren Leheneko mobilizazioetara joango, ez duelako sinesten aldaketarako aukera errealik dagoenik. «Galdutako belaunaldikoa sentitzen naiz. Arazoa da belaunaldi sakabanatu bat dela, ez duela borroka bateraturik egiten helburu komun baterako». Nerea Egiguren 26 urteko usurbildarra, berriz, langilea sentitzen da, baina berak ere ez du parte hartuko datorren barikuko ekintzetan: «Langilerik handienetakotzat dut neure burua. Bi lan egiten ditut, hiru ere bai sarri, eta oraindik ez naiz ailegatzen hilabete bukaerara».Kazetaritza ikasi zuen Egigurenek, baina lanik aurkitu ezinik, aerobikeko irakasle hasi zen duela bost urte, eta hala segitzen du. Bitartean supermerkatu batean egin du lan, baldintza kaskarretan, eta marketin eta publizitateko goi mailako titulu bat atera du. Orain enpresa batean ari da bulego lanetan. Bi lanekin nahikoa ez, eta, tarteka, taberna batean ere aritzen da. Hori guztia gurasoen etxean bizitzen segitzeko, eta, halere, hil amaierara ez iristeko. «Behintzat, gustura nago neure buruarekin. Ahal dudana egiten ari naizelako gauzak pixkanaka aurrera ateratzeko. Gazteok konformistak izan behar dugu, edo hori edo ezer ez».
Zaila da Standingek azaldutako prekariatuaren mugak zehaztea. Nortzuk osatzen dute prekariatua? Zenbat dira? Zelako soslaia dute? Mertxe Larrañaga EHUko ekonomia irakasleak azaldu du langabeziaz eta soldataz gain behin-behinekotasuna eta partzialtasuna ere hartzen direla kontuan. Baita pobrezia ere. Banaka aletu beharreko datuak dira.
Langabezia tasa %15,9 da Euskal Herrian. Hegoaldean, 343.000 pertsona zeuden iaz pobrezia arriskuan, 2010ean baino %4o inguru gehiago. Landunak soldataren arabera zatituta, ordea, Hegoaldean gutxiengoa dira hilean 1.217 eurotik behera kobratzen dutenak: %21,6 Nafarroan eta %20,1 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. INEk emandako azken datuak 2012koak dira, baina deigarria da krisi garaian soldata txikienekoen taldea asko handitu ez izana; 2006tik 2012ra Nafarroan bakarrik 0,2 puntu handitu da, eta EAEn, berriz, 1,1 puntu.
Sei urteko tartean, aldaketa handiena 2.159 eurotik gora kobratzen dutenen taldean gertatu da: krisiarekin landun batzuk erdiko taldera pasatu dira, 1.217 eta 2.159 euroko soldatadunenera. Dena dela, soldata galera handienak soldata txikienak izan dituzte, eta handiena zutenek igo egin dute. Hala ere, Nafarroan, adibidez, 2.159 eurotik gora kobratzen zuten 2012an landun gehienek (%42,8k).
«Gizarteak klaseetan banatuta segitzen du; inoiz baino argiago, gainera», nabarmendu du Larrañagak. Halere, estatistikek ez dute ondo jasotzen gertatzen ari diren aldaketa guztiak. Zaila da prekaritatea zenbakitan ikustea. «Baina badakigu asko emakumeak direla, baita gazteak ere, eta baita adineko sektore bat ere».
Etxeko egoera ekonomiko estuak derrigortuta, etxekoandre asko lan merkatura sartzen ari direla azaldu du Larrañagak. Baina atzeko atetik ari dira sartzen; kasu gehienetan, zuzenean lan prekarioenetara.
Nabarmentzekoa da, halaber, lanaldi partzialen kopurua. Euskal Herriko landunen %17,5 ari dira lan partzialetan, eta bost kontratutik lau emakumeek sinatzen dituzte. Hegoaldean, gainera, ehunekoak bost puntu egin du gora 2008tik. Hori gutxi ez balitz bezala, lanaldi partziala duten beharginen erdiak gogoz kontra ari dira, lanaldi osoko lana topatu ezin dutelako. «Klase ertaineko familietatik datorren jendeak argi eta garbi sentitzen du bere burua beheko klaseetara erortzen ari dela», Larrañagaren esanetan. Gaineratu du estatistikek, hain zuzen, erdiko klaseetan gertatzen dena harrapatzen dutela nekezen, eta, hain justu, hortxe gertatzen direla aldaketa gehienak.
ZIURGABETASUNA
Prekariatua oso talde heterogeneoa dela dio Moreno soziologoak, baina batez ere gazteek eta etorkinek osatzen dutelakoan dago. «Ezaugarri komunak, nolanahi ere, ziurgabetasuna eta ahultasuna dira».Segurtasunik eza eta etorkizunerako itxaropen falta dira gehien errepikatutako berbak zirkulu prekarioenetan. «Familia proiektua erabat aparkatuta daukat», dio Cubero andaluziarrak. «Parentesi batean bizitzen daramatzat urteak, eta ez dut ikusten etorkizun hori planteatzeko egonkortasunik lor dezakegunik».
Irene Badiola gasteiztarrak ere ilun ikusten du etorkizuna, baina ahoan irribarrearekin begiratu nahi dio. «Ez zait ameslaria izatea baino geratzen». Italian bizi balitz mammoni deituko liokete, eta Erresuma Batuan kippers (Kid In Parents' Pockets Eroding Retirement Savings; hau da, gurasoen patrikan dagoen umea, erretirorako aurrezkiak gastatzen). Gurasoen etxean bizi da 26 urteko gasteiztarra, eta bigarren lizentzia bat ikasten ari da Donostian, psikologia. Autobusez egiten du joan-etorria egunero.
Gurasoek mantentzen dute ekonomikoki: amak lana du, baina 60 urtetik gertu dagoen aitak bi urte daramatza langabezian, eta lanik topatzeko itxaropenik barik. «Zortea dut, gutxienez, gurasoen koltxoia daukadalako. Denok heltzen diogu aurreko belaunaldiri, laguntza bila: nik gurasoei, eta nire gurasoek aitona-amonen pentsioei. Katean ari gara pobretzen denok».
KLASE ERTAINA
Desagertzen ari da klase ertaina? Klase hori azken urteetako ilusio bat izan dela deritzo Moreno soziologoak, eta interes ideologiko bat nabari du atzean. «Sinetsarazi nahi ziguten denok bizi ginela oparotasunean, denok berdinak ginela». Baina bistakoa da ez garela. «Bill Gatesek ere esaten du klase ertainekoa dela. Jeans galtzak eramatea da klase ertainaren ikurra?».Euskal Herrian, nolanahi ere, inguruko lurraldeetan baino klase ertain zabalagoa dagoela dio soziologoak, soldatak handiagoak direlako eta ikasketa maila handiagoa delako. «Klase ertaina nahiko garatuta dago hemen, industriak duen pisuari esker, industriako soldatei esker eta industriak eskatzen dituen lan soslaiei esker».
Klase sozialak, baina, ezin dira soilik soldataren neurgailuarekin zatitu. Pertsonek hiru kapital mota dituztela azaldu du Morenok: ekonomikoa, giza kapitala —ikasketak eta ezagutza maila— eta kapital soziala. «Hiru horien uztarduratik sortzen da klasea».
Joseba Barandiaran ekonomistaren aburuz, klase sozialen banaketaren eskema orokorrak balio du oraindik ere. Euskal Herrian klase apalena prestakuntzarik gabekoek eta, horien artean, bereziki etorkinek osatzen dutela azaldu du. Prestakuntzadun gazteek, ordea, hemen edo kanpoan, klase ertain gisa segitzeko aukera izango dutela pentsatzen du. «Hezkuntza eta ekintzailetasuna izango dira prekariatuaren ihesbide babes soziala kolokan jarriz gero. Baina gizartearen zahartzeak, oro har, gazteei lan aukerak sortzen lagunduko die. Euren giza kapitalean inbertitzeko aukera handiagoa dute gazteek».
Gazteenek baino, helduagoek eta etorkinek kezkatzen dute gehiago Barandiaran. Etorkinek estigma jasan beharko dutelako, eta helduagoek aukera txikiagoa dutelako hezkuntzari edo ekintzailetasunari heltzeko.
BUZO URDINIK GABEKOAK
Prekariatua ez du azken urteetako krisi ekonomiak sortu, areagotu badu ere. 1970eko hamarkadan nagusitzen hasi zen globalizazioan jarri du jatorria Standing ekonomistak. «Enplegu malgua hedatu zenean, desberdintasunak handitu ziren, eta langile klasearen egituran oinarritutako gizarte industrial bat izateari utzi, eta beste egitura konplexuago bateko bihurtu ginen. Baina horrek ez du esan nahi gizarte hau ere klasista ez denik».Egitura aldaketa horrek muinean eragin die langileriari eta sindikalismoari. Garai batean, langile klasea batez ere industriari lotzen zitzaion, buzo urdindun beharginei. «Egun barne produktu gordinaren %25 bada industria, langileen %20 izango dira sektore horretakoak», dio Barandiaranek. «Ez nuke esango industriak berebiziko pisua duenik prekaritatearen mapan. Sindikatze mailan, berriz, handiagoa izan liteke industriaren pisua». Hain zuzen klase kontzientziaren ahultzeak eta ekonomiaren tertziarizazioak sindikatuen ahultzea ekarri duelakoan dago.
Batez ere, zerbitzuetan ugaritu dira langileak azken urteotan, eta Barandiaranek hortxe kokatu ditu pribilegiatuenak eta prekarizatuenak. Oso sektore zabala delako zerbitzuena, arlo pribatuan zein publikoan.
BABESGABETZE IKASIA
Langile prekarioen kopurua nabarmen igo arren, ez dirudi talde gisa egoera iraultzeko bidean daudenik oraindik. Irene Badiola gasteiztarrak kontatu du psikologian badagoela hori azaltzeko kontzeptu bat: babesgabetze ikasia. «Sentitzen dugunean ez dagoela zereginik, ez dugu borrokarik egiten. Puntu horretan gaudela uste dut. Langile kontzientzia ez da galdu, zerbait aldatzeko gaitasuna izatearen kontzientzia galdu da».Gizartearen indibidualizaziorako joerak kalte handia eragin du, eta Standingek hezkuntzaren merkantilizazioa ikusten du horren atzean. Badiolarentzat, oso garrantzitsua da izaera kolektiboa izatea, horren galerak oztopatu egiten duelako gizartean aldaketak egiteko aukera. «Prekaritateari globalki begiratu beharrean indibidualki begiratzen diogulako ahuldu da gure indarra. Lan prekarioak hartzeko prest dagoen jendea dagoen bitartean, prekaritateak segitu egingo du».
Baina esatea da gauza bat, eta egitea beste bat. «Kritikatzea erraza da, baina agian neuk onartuko dut lan kaskar bat bihar bertan. Azken batean, bakoitzak ahal duena egin behar du bere egoera konpontzen saiatzeko». Oso zaila da gurpil zoroa geraraztea.
LANA ETA NORTASUNA
Argi dago ez dela beti diru kontua klase sozial batekoa edo bestekoa izatea. Sentipen kontua ere bada. Hainbat herrialdetan egindako inkestetan ageri da gehiengoak klase ertainean ikusten duela oraindik bere burua (gero eta gutxiago badira ere), langabe edo soldata apaleko beharginak izan arren. Badu azalpen bat. «Denok nahi dugu gure autoestimua eta nortasuna babesteko modu bat», Garbiñe Ortiz EHUko Gizarte Psikologiako irakaslearen berbetan.Norbere nortasunerako lana faktore garrantzitsua delakoan dago. «Bizitza antolatzeko alderdi inportantea da, denbora eta espazioa baldintzatzen duelako». Enpleguak funtzio psikosozialak ere betetzen ditu, lan bakoitzak gizartean izan dezakeen estatusak sortutako sentipenen arabera. «Lanak pertsona moduan garatzeko ere balio digu, nortasun bat ematen digu, bizitzari esanahi bat ematen dio...».
Guy Standingentzat, baina, arriskutsua izan daiteke lana eta zoriontasuna lotzea. «Lanak zoriontsu egiten gaituela eta definitu egiten gaituela esanda, tentsio iturri handi bat ari gara sortzen, gehienok dauzkagun lanpostuak eskasak direlako alde horretatik». Prekariatuak estresa eta antsietatea izatea normala dela uste du, ideia barneratua duelako: «Lana daukagunez, zoriontsuak izan beharko genuke... Zergatik ez gara zoriontsu?».
Ortiz psikologoak azpimarratu du garai batean lana askoz zentralagoa zela bizitzan, eta orain erlatiboagoa dela. «Aisiak eta norbere garapenak hartu du pisu handiagoa, baina lanak, objektiboki, pisu ikaragarria du oraindik ere gure bizitzan».
KONPONTZEKO BIDEAK
Garai batean, gazteek onartuta zeukaten prekarizazio aro bat pasatu behar zutela hasieran, baina gerora lanpostu duin bat lortzeko aukera erreala zeukaten. Lan merkatura sartzeko hasierako pasabide estu hori, ordea, betikotu egin da bekaldi amaigabeak, behin-behinekotasuna, azpikontratazioa eta lanaldi partzialak direla bitarteko.Carmen Cubero andaluziarrak aitortu du ez duela konfiantzarik lan merkatuarengan, ezta formakuntzan are gehiago sakonduta ere. Nolanahi ere, ez dela damutzen dio. «Zorionez, egin dudan guztiak arlo pertsonalean ase nau, baina profesionalki jada ez daukat itxaropenik ikasitakoa aplikatzeko».
Gorka Moreno soziologoak mentalitate aldaketa bat nabari du, jakin-min intelektualak eta ikasketa maila handitu direlako. Frustrazioa ekar diezaieke gazteei ekonomikoki okerrera egingo dutela barneratzeak, baina indargune bat ere izan daiteke aurrera egiteko. «Lehen bizitza laua eta egonkorra zen, baina hori desagertu da. Ekonomikoki galera bat dugu, baina arlo batzuetan aukera gehiago ireki dira. Bilatu beharko da askatasun eta garapen intelektualaren eta egonkortasunaren arteko uztartze bat. Eta hori, oraindik ez da lortu».
ARRISKUTSUEN ARRISKUAK
Akzio guztiek erreakzio bat duten eran, aldaketa sozioekonomikoek ere badituzte erreakzioak. Moreno soziologoak ez du oskarbi ikusten etorkizuna: «Epe ertainean gurasoen eta familiaren koltxoiari esker salbatuko dira prekario asko, baina, segur aski oraingo gazteen seme-alabak askoz egoera txarragoan biziko dira gauzak ez badira aldatzen».Ongizate estatua ere desagertzear dago, Morenoren arabera. Europaren brasildartzea ere aipatu izan du Ulrich Beck soziologo alemaniarrak. «Birpentsatu behar dugu zer gizarte nahi dugun, zelako injustiziak eta ezberdintasunak jasateko prest gauden». Konbentzituta dago merke-zurreko ongizate estatu bat geratuko dela.
Prekariatua talde arriskutsua dela ere nabarmendu du Standingek. Batetik, demagogiaren eta populismoen sarean erortzeko aukera handiagoa ikusten diolako; bestetik, bere indarraren botereaz jabetuz gero eta mugituz gero, egungo eliteentzat oso arriskutsua izan daitekeelako. Baina badago beste arrisku bat ere, dagoeneko martxan dagoena: prekariatuaren deabrutzea. «Ongizate laguntzen xurgatzaileak», «gaizkileak», «etorkinak»... Ez dira gutxi erabiltzen diren gutxiespenezko berbak.
Zerbitzuen eta Interneten gizarteko bizimoldeen arriskuak ere azpimarratu dizkie prekarioei Stundingek: «Etengabeko interaktibitatea prekariatuaren opioa da, lehenengo proletario industrial belaunaldiarentzat garagardoa eta gina opioa ziren bezala».
ZER EGIN?
Konponbiderik ba al dute prekarizazio prozesuak eta kontzientziaren ahultzeak? Askoren mina, zoroen atsegina, dio esaera zaharrak. «Kuadrillan, gehienok gabiltza ikasi ez dugun horretan lanean: umeak zaintzen, etxeak garbitzen, tabernetan...», dio Nerea Egiguren usurbildarrak. «Ondokoa okerrago dagoela ikusita kontsolatzen gara sarri, onartzen dut. Baina nolabait kontsolatu beharko!».Baliteke desberdintasun sozialak gehiago handitu izana kontzientzia indartu dena baino. Baina Mertxe Larrañaga EHUko ekonomia irakasleak argi dauka: «Logikak dio kontzientziazioa indartu egin behar dela. Zure geroa erabat prekarioa izango dela ikusten baduzu, mobilizatzeko motibazio bat daukazu».
Egungo gizarte laguntzak batez ere XX. mendeko lanpostu ia finkoko beharginentzat eta nagusientzat (pentsioak) pentsatuta daude, Standingen arabera. Egungo prekariatua, baina, sare sozial horretatik kanpo ari da bizitzen. Horregatik, ezinbestekotzat jo du gutxieneko errenta sistema sendo bat bermatzea. Euskal Herrian badaude gutxieneko diru sarrerak bermatzeko laguntzak. Ez da konponbide bat, baina bai kalte handiagoak arintzeko sare garrantzitsu bat.
«Badago etorkizunik». Itxaropena du britainiarrak. «Prekariatua gizartearen gehiengoa bihurtzen ari da, eta aginteko eliteak dagoeneko ezin du ukatu prekaritua badela». Sinestea eta aktibatzea baino ez da falta, haren ustez, eta ziur dago ailegatuko dela fase hori. «Prekariatua ez da ez biktima, ez maltzurra, ez heroia. Gehiengoa gara».