IMQk ez ditu lan txandetan sartuko kaleratu nahi zituen 76 garbitzaileak

EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi badu ere kaleratzeak baliogabeak direla, klinika sareak helegitea jarri du Espainiako Auzitegi Gorenean

IMQko garbitzaileen aurtengo protesta bat, urte hasieran. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
IMQk Bilboko bi klinikatan kaleratu nahi zituen 76 garbitzaileek hilabeteak egingo dituzte etxean, soldata osoa kobratzen. EAEko Auzitegi Nagusiak haiek berriz kontratatzera behartu zuen enpresa, kaleratzeak baliogabeak zirela ebatzita. Klinika sareak, baina, helegitea jarri du Espainiako Auzitegi Gorenean, eta, hark ebatzi arte, ez dago behartuta garbitzaileak lan txandetan sartzera. Bai, ordea, haien izena ematera Gizarte Segurantzan eta soldata osoa ordaintzera. PCB ITP Aeroren galdategian gertaturiko gauza bera gertatuko da. Handik kaleratu asmo zituzten 83 langileek zortzi hilabete egin zituzten etxean.

Izan ere, IMQk sareko Vicente San Sebastian klinikak eta Zorrotzaurreko Mediku Kontsultategiak ez dute onartu EAEko Auzitegi Nagusiak martxoaren 1ean beren aurka emaniko ebazpena. Egun hartan, epaileek ebatzi zuten 76 kaleratuek subrogazio eskubidea dutela, eta, klinikek garbiketa zerbitzua azpikontratatzeari utzi eta bere gain hartu nahi badute, langile horiekin izan behar duela. Ebazpenari helegitea jartzeko aukera zuten, eta horrela egin dute. Ebazpenak ikusmina sortuko du, subrogazio eskubideari aurkitu dakiokeen zirrikitu bat azaleratu dezakeelako.

Zertan da orain egoera? Bada, garbitzaileak berriz kontratatu behar izan dituzte, eta soldata ordaintzen hasi zaie, baita Gizarte Segurantza ere. Baina enpresa ez dago haiek lan txandetan sartzera behartuta. Eta hori egin daiteke? Bai, legezkoa da Auzitegi Gorenak ebazpena eman arte. Neurri garestia da, dena den, bitartean bi garbitzaile talde ordaindu beharko baititu IMQk. Kaleratzeak urtarrilaren 1ean gauzatu zituen, eta Auzitegi Nagusiaren ebazpenera bitarteko bi soldatak —urtarrilekoa eta otsailekoa— zintzilik gelditu dira Gorenak bere iritzia eman arte. Baita epailearen aginduz garbitzaile bakoitzari ordaindu beharreko mila euroko zigorra ere, eta ELA sindikatuari ordaindu beharreko 40.000 euroak. Zortzi-hamar hilabeteko tartea pasa daiteke.

Greba egin eta gero

IMQk iazko azaroan jakinarazi zuen ez zuela berrituko Gizatzen garbiketa azpikontratarekin zuen lotura. Langileek soldata arrakala amaitzeko greba bat egitera deitu eta bi egunera izan zen. Garbitzaileetako askok hamar urte baino gehiago daramatzate IMQrekin lanean. ELAko abokatuak azaldu zuenez, IMQko abokatuek zehaztu zuten garbitzaileak «garestiegiak zirelako» eten nahi zutela zerbitzua. Sindikatuen ustez, urtarrilean hasitako garbitzaileek baldintza kaskarragoak dituzte;aurrekoek lorturiko gainsaririk ez dute, esaterako.

ITP Aero PCBk kaleratu asmo zituen 83 langileak Aste Santuko oporren ondoren itzuliko dira lanera. Gorenak otsailaren 23an baliogabetu zituen haien kaleratzeak. Langile batzordea haien itzulera nola egin negoziatzen aritu da epe batez, eta, azkenerako, modu mailakatuan egingo dute, apirilaren 19an hasita. PCBk Sestaon eta Barakaldon (Bizkaia) ditu plantak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.