Inbertitzaile berri baten ezezkoak ixtera kondenatuko du Kider

Aiaraldeko altzari enpresa likidatzeko eta 400 langile kaleratzeko erabakia hartu dute zuzendaritzak eta administratzaileakELAk greba mugagabera deitu du, baina beste sindikatuek ez dute babestuko

Kider altzari enpresako lantegi eta egoitza nagusia, Murgan (Araba). LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2014ko otsailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurrera egiteko ate guztiak itxi zaizkie Aiaraldeko Kider enpresako langileei. Konpainia erosteko interesa agertu duen bigarren inbertitzailea ez dago prest dirua jartzeko, eta, horrenbestez, enpresa likidatzeko eskaera eta 400 langile kaleratzeko erregulazio dosierra aurkeztuko dutela jakinarazi diete zuzendaritzak eta administratzaileak sindikatuei.

«Inbertitzaileak dio ez zaizkiola kontuak ateratzen. Ez itun baten bidez enpresan dirua jarrita, ezta likidazioan ere», azaldu du Iñigo Galdeanok, ELAko ordezkari eta Kiderreko batzordeko kideak. Aukera hori galdu dela egiaztatu ondoren, enpresa ixteko prozesua abiatu da.

Altzari sektoreko enpresa da Kider. 1957. urtean sortu zen, Aiaraldean. Gaur egun bi lantegi ditu Arabako eskualde horretan, Murgan (egoitza nagusia) eta Amurrion, eta beste bat Barakaldon (Bizkaia). Lantegi horietan 388 behargin ditu, eta horiei Espainian dituen ordezkaritza komertzialetakoak gehitu behar zaizkio. Zeharkako 600 bat lanpostu ere eragiten dituela kalkulatu dute sindikatuek. Supermerkatuak hornitzeko ekipamendua eraikitzen du. Azken urteotan arazo ekonomikoetan sartuta ibili da, eta iazko ekainean borondatezko hartzekodunen konkurtsoan sartu zen.

Irtenbide baten bila urte bat baino gehiago eman dute. Enpresak erregulazio dosierra aurkeztu zuen, diru sarrerak %45 murriztu zitzaizkiola argudiatuta. Azkenean, 2013ko urtarrilean lan taldea murrizteko akordio bat lortu zuten langileek eta zuzendaritzak, Precoren bidez. Ondoren, ordea, zuzendaritzak ez zituen gauzatu adostutako baldintzak, eta atzera egin zuen. «Akziodunen errua izan da, axolagabetu zirelako, eta eskaerarik ez zen iristen», kritikatu du Galdeanok. Lezertua familia eta Caixabank ziren akziodun horiek.

Behin konkurtsoan sartuta, lehen abagunea AEBetako inbertsio funts baten eskaintza izan zen. Udaren ondoren Kiderren egoera aztertzeari ekin zion, baina Gabonetarako interesa bertan behera utzi zuen. Bigarren inbertitzaileak zirt edo zart egiteko erantzun azkar bat agindu zuen, eta erantzuna ezezkoa izan da.

Greba mugagabea orain

Berehala ixtea kolpe gogorra da, bereziki Aiaraldean. Orain arte langile batzordea batera aritu izan da, baina egoera berriari erantzuteko tenorean ez diote batasun horri eutsiko. Lantegi guztiak aintzat hartuta, 32 kideko batzordea dago Kiderren. Sindikatu nagusia, ordezkaritzaren erdiarekin, ELA da. Sindikatu horrek greba mugagabera deitu ditu langile guztiak, datorren astelehenetik aurrera. Beste lau sindikatuk —LAB, ESK, LSB-USO eta CCOO— ez dute deialdia babestuko. Azkenik, UGTk askatasuna eman die bere afiliatuei nahi duten erabakia hartzeko.

Grebaren bidez «irteerako baldintzak ahalik eta onenak izateko» presio egin nahi du ELAk, Galdeanoren hitzetan. Orain arte soldatak hilero ordaindu dizkie enpresak, eta ez du zorrik langileekin. Hori bai, altxortegia ataka larrian dagoela onartu die enpresak. Hori dela eta, ordainketa, kobraketa eta zorpetze egoera zehatz-mehatz zein den ezagutarazteko eskatu diete zuzendariei eta administratzaileari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.