Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak kritika gogorrak egin zizkion atzo Espainiako Gobernuari, SEA Arabako patronalak enpresa txikien finantzaketaren inguruan antolatutako jardunaldi batzuetan. Haren ustetan, Madril erabat itsututa dago Alemaniak inposatutako neurritasun politikarekin, ekonomian eta gizartean dituen ondorioei erreparatu gabe. Eta, horrela, ekonomia berpiztea ezinezkoa dela uste du. Alde horretatik, enpresa txikiak eta handiak inbertitzera bultzatuko lituzketen politikak eskatu zituen, horrek enplegua eta hazkundea bultzatuko lituzkeelako.
Hemen lanpostuak ez dira ezerezetik sortzen, Fernandezen irudiko. «Madrilen putetxe moduko bat sortu nahi duen iparramerikar batek salbu [Eurovegas zuen gogoan], inork ez ditu 2.500 lanpostu egun bakar batean sortzen. Lanpostuak autonomoek eta enpresaburu txikiek sortuko dituzte, baina haiei nolabaiteko lasaitasuna eman beharra daukagu,inbertsioak egin ditza-ten».
Espainiako Gobernuari bakarrik ez, mugagabeko kontratuak dituzten langileei ere ekonomiaren alde ahal dutena egiteko eskatu zien Kutxabankeko presidenteak. «Lanpostua ziurtatua dutenei soldata jaistea onar dezatela eskatzea ez da gehiegi eskatzea». BBK-k duela urtebete jakinarazi zuen Fernandez presidenteak %15 jaitsi zuela bere soldata. Hala ere, 514.900 euro kobratu zituen kargu horretan jarduteagatik eta beste 147.162 euro administrazioko kontseiluko eta erakundeko estrategia eta inbertsioko batzordeko kide izateagatik. Guztira 662.062 euro poltsikoratu zituen. Beraz, 2010ean baino %3,77 gehiago.
Kritikak finantza erreformari
Espainiako Gobernuak orain aste batzuk egindako finantza erreformaz ere jardun zuen Fernandezek. Aldaketak egiteari ongi iritzi zion, baina aldaketa horiek Europako Batasunarekin eta Europako Banku Zentralarekin hitzartutako oinarri batzuen arabera egin behar direla zehaztu zuen, «bestela merkatuak ez baitira sekula konforme geratuko».
Haren hitzetan, inor ez da kezkatzen Alemaniako finantza merkatuaz edo Frantziakoaz, haiek ere aktibo toxikoak badituzten arren. «Espainiako finantza sistema da izarra, eta Europak ez du tratatzen gainontzeko herrialdeetako sistemak bezala». Horren erantzule bakarra Espainiako Gobernua dela uste du. « Sistemako erakunde guztiak estres azterketa egitera behartu zituen; gainontzeko herrialdeek, berriz, lau edo bost onenak bakarrik bidali zituzten».
Inbertsioa sustatzeko neurriak eskatu ditu Fernandezek
Lanpostua ziurtatua duten langileek soldata jaistea onartu behar luketela uste du, «ez delako gehiegi eskatzea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu