Mexikoko Gobernuko Kultura Idazkaritzak gutun bat bidali dio Zara jantzi etxeari azalpenak eskatzeko soineko baten diseinuaren inguruan. Mixtec herriaren «jabetza kolektiboa pribatu bihurtzea» leporatzen dio, eta errespetua eskatzen dio.
Mexiko Gobernuak ez du bakarrik Zara salatu. Gutun berean Anthropologie eta Patwol AEBetako etxeei ere azalpenak eskatu dizkie, jantzi banatan antzeko gauza bat egiteagatik.
Zarari zuzenduriko gutunean, Alejandra Frausto Guerrero idazkariak azaltzen dio Inditexeko enpresari Midi bildumako soineko batean «kopiatu» egin dutela San Juan Coloradoko komunitatearen ikonografia. Adierazten dio hango huipil soineko tradizionala «emakumeen nortasunaren parte» dela, emakumeek lehengaietatik lantzen dituztela soinekook, eta horietan euren historiaren, mundu ikuskeraren eta ingurunearen irudiak erabiltzen dituztela. Fraustok nabarmendu du emakumeek gutxienez hilabete bat behar dutela soineko bat egiteko, lan nekeza eginez.
«Horregatik», jarraitzen du gutunean, «Zara etxeari eskatzen diogu jendaurrean azaltzeko zertan oinarritzen den kopiatzeko eta pribatu bihurtzeko ondasun kolektibo bat, jatorria erabat dokumentatuta duten osagai kulturalak erabilita». Idazkariak gogoratzen dio Zarari kultur ondasun hori komunitate sortzaileen mesedetan erabiltzen dutela mixtecek.
Mexikoko herritarren ondasun ukigarria eta ukiezina gordetzea eta zabaltzea da idazkaritzaren lanetako bat.
Etikari dei egiten dio idazkariak, eta eskatzen du mahai gainean jartzeko «historikoki ikusezin bihurtu dituzten» jatorriko herrien eskubideak babesteko beharra. Gutunean gonbidapena egiten dio Zarari komunitate indigenekin «errespetuzko elkarlana» egiteko, «herrien nortasunari eta ekonomiari azpia jango ez dion marko etiko batean, eta beti bidezko merkataritza batean, zeinak berdintasunean jarriko dituen sortzaile indigenak, enpresaburuak eta diseinatzaileak».
Zara Inditex konpainiaren marka nagusia da. Horrez gain, Pull and Bear, Bershka, Massimo Dutti, Stradivarius, Oysho, Zara Home, Uterqüe eta Lefties ditu Inditexek.
Lehen ere jaso ditu salaketak Zarak. 2019. urtearen amaieran, Suitzako Public Eye gobernuz kanpoko erakundeak ikertu egin zuen ZARAren Join Life arropa bildumaren ekoizpena, eta ondorioztatu zuen jantzi bakoitzaren benetako ekoizleek salneurriaren erdia baino gutxiago jasotzen zutela.
Beste bi salaketa
Anthropologie etxearen praka motz batzuk ere salatu ditu idazkaritzak. Horretan, Oaxaka estatuko Santa Maria Tlahuitoltepec komunitateko mixe herritarren diseinu «bereizgarri eta tipikoak» ikusten dira, haren arabera. Osagarri horiek belaunaldiz belaunaldi pasatzen dituzte gizonezko eta emakumezkoek, eta «harrotasunez janzten dituzte, euren kulturaren adierazpenik sakonenaren gisan».
Ezkerrean, Nela Jimenez artista indigenak eginiko jantzia. Eskuinean, Anthropologie enpresak salgai jarritakoa. Eguzkiak, mendiak eta bestelako figurak kopiatu dituzte.Mexikoko Gobernua
AEBetan eta Kanadan 200 denda inguru ditu Anthropologie etxeak. Arropaz gain, bitxiak, altzariak, apaingarriak eta bestelakoak saltzen ditu. URBN konpainiarena da, Urban Outfitters, Free People, BHLDN, eta Terrain markekin batera.
Azkenik, Patowl enpresaren Tops bilduman, Oaxacako San Antonino Castillo Velasco komunitateko zapotecen jantzien «kopia fidela» ikus daitekeela salatu dute. 2017an sortu zuten Patowl, AEBetan, eta euren webgunean erosleari esaten diote euren produktuak erosita «amerikar [hau da, estatubatuar] artistak sostengatzen» ari direla.
Ezkerrean, Juliana Martha Sernas indigenak eginiko jantziak. Hilabete bat behar du horietako bakoitza egiteko. Eskuinean, Patowlek industrialki ekoitzi eta saldutakoak.Mexikoko Gobernua