Sekretu askoko sektorea da autogintzarena, aurrerapen teknologikoek eragin handia dutelako salmentetan. Sekretupean gorde beharreko informazioek, ordea, ihes egiten dute maiz. Antza, hori da Renaulten pasatu dena. Hiru zuzendari kaleratu ditu enpresak, enpresaren interes estrategiko, intelektual eta teknologikoei kalte larriak eragitea leporatuta. Eric Besson Frantziako Industria ministroak baieztatu egin du gertatutakoa, eta «oso larri» iritzi dio. Diru publikoa jasotzen duten enpresak industria sekretuak babestera behartuta daudela gogorarazi du. Estatuak %15eko parte-hartzea du Renaulten.
Autogileak ez du zuzendarien izen-abizenik eman nahi izan. Le Figaro egunkariak argitaratu duenez, kaleratuetako bat Renaulten zuzendaritza batzordeko kidea—guztira 27 ditu— eta aurreproiektuen eta prestazioen saileko zuzendaria da, eta 30 urte daramatza konpainian. Haren menpeko beste zuzendari bat da bidalitako bigarrena. Hain zuzen, aurreproiektuen sailak garrantzia handia du, etorkizuneko ibilgailuak nolakoak izango diren pentsatzeaz arduratzen delako. Azken kaleratua auto elektrikoen proiektuko zuzendariaren ondokoa izan daiteke. Legearen arabera, posibleada norbait lanetik botatzea eta epe muga jakinik gabe soldatarik gabe edukitzea «enpresaren funtzionamendurako mehatxua» baldin bada.
Egun berean kaleratu zituzten hirurak, astelehenean, eta modu koordinatuan jokatzen zutela uste da. Zein eratako informazioa eman duten eta zeini ere ez dago argi. Enpresaren gertuko iturrien arabera, lehiakide edo hornitzaileren batek erakutsi du bateria elektrikoaren garapenari buruzko informazioarekiko interesa, edo bestela, motor elektrikoaren garapena nola zihoan jakin nahi zuten.
Lau mila milioikoinbertsioa
Hain zuzen, auto elektrikoa da Renault-en produktu izarra epe motzera begira, eta horretan murgilduta dabil buru-belarri. Aurten eta datorren urtean era horretako lau ibilgailu merkaturatu nahi ditu: urte erdi aldera Kangoo eta Fluence, eta 2001 bukaeran edo datorren urte hasieran Zoe eta Twizy ereduak hain zuzen. Japoniako Nissan autogilearekin elkarlanean, sektoreko munduko lider bihurtu nahi du. Haren arabera, 2020rako, munduan saltzen diren autoen %10 elektrikoak izango dira. Lau mila milioi euroko inbertsioa egin du taldeak.
Bateria elektrikoa da, itxura denez, aldeak markatu ditzakeen piezetako bat. Renaultek 1.500 milioi euroko inbertsioa egin du arlo horretan, lehiakide txinatar, korear, amerikar, japoniar ea alemaniarrek baino gehiago. Horrez gain, auto elektrikoei buruzko 200 patente ere aurkeztu ditu dagoeneko. Aurten, 1.700 ingeniari inguruk egingo dute lan proiektu horretan Guyancourt teknologia zentroan.
Aurrez ere izan dira espioitza industrial kasuak Renaulten bertan. Azken aurrekoa, 2008an. Megane berriaren argazkiak eta deskribapenak argitaratu ziren autoei buruzko aldizkari batean, hura ofizialki aurkeztu baino lehen.
Industria espioitza leporatuta, hiru zuzendari kaleratu ditu Renaultek
Auto elektrikoari buruzko informazioa ematea egotzi diete; hura da autogilearen proiektu nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu