Industria eta barne eskaera erori dira udan EAEn

Sektore guztiek galdu zuten enplegua uztaila eta iraila bitartean, eta esportazioek eman dute daturik onena

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Udan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia gelditu zela jakinarazi zuen Eustatek joan den astean. Atzo, kontu ekonomikoen xehetasunak argitaratu zituen euskal estatistika erakundeak, eta aldagai gehienen ekarpena ahuldu dela agerian utzi du. Beste era batera esanda, gutxi dira jardueratik tiraka egiten ari diren faktoreak.

Eskaintzaren aldetik soilik zerga garbien ekarpenak egin du gora aurreko hiruhilekoarekin alderatuz. Sektoreen ekarpena oso txikia izan da. Hala, eraikuntzak behera egiteko joerarekin jarraitzen du. Hiruhileko arteko tasan 2007 urteko bigarren hiruhilabetetik ez du eraikuntzak hazkunde positiborik. Kezkagarriagoa da industriak ere atzera egin izana (%0,6). Zerbitzuek ere ez dute gora egin. Lehen sektorea %25 handitu da, baina tamaina nahiko txikia du ekonomian.

Eskaeraren alorrean argazkia ez da askoz hobea. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, administrazioen eta familien kontsumoak atzera egin du, eta inbertsioa ere erori da. Urte arteko tasan erakunde publikoen eskaera eta inbertsioa ere negatiboak dira. Esportazioen hazkundea, inportazioen gainetik, itxaropenerako datu bakarra da.

Urte arteko tasari dagokionez, %0,6 da hazkundea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak udan hamarren bat gehiago izatea espero zuen. Urte osoari dagokionez, %0,8ko hazkundea aurreikusi du Patxi Lopezen gobernuak. Atzoko gobernu kontseiluaren ondoren Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak ekonomiaren garapenari buruzko irakurketa egingo zuela iragarrita zegoen, baina ez zen hala izan.

Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, sektore guztiek galdu zuten enplegua. Zerbitzuek izan ezik, joan den urtetik beste sektoreek lanpostuak galdu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.