Industria

Industria «nahiko bizkor» ari da suspertzen

Sektoreko enpresek %3,1 igo dute beren jarduera apirilean, eta %10,4 urtea hasi denetik. Mugikortasunarekin loturiko alorretan igo da gehien: energiarenean, eta auto, tren, hegazkin eta ontzien fabrikazioan.

Arabako Mercedes Benzeko lantegia. RUAL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 3a
11:50
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria «nahiko bizkor» berreskuratzen ari da bere jarduera, pandemiak markatutako urte baten ondoren. Apirilean %3,1 goratu zen, eta urtea hasi denetik, %10,4, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak ostegun honetan jakinarazi duenez.

Martxotik apirilera arteko aldaketa hori positiboa da sektore handi guztietan, batez ere energiarenean: ia %15 egin du gora. Ekipamendu ondasunetan %4,2 izan da hazkundea. Multzo horretan sartzen dira autogintza, trenen fabrikazioa, aeronautika eta ontzigintza. Koronabirusaren krisiak gogorren jo dituen sektoreetako batzuk dira horiek. Autogintza, gainera, txip edo semieroaleen osagaien eskasia nabaritzen ari da. Kontsumo ondasunen produkzioa ere handitu da: %3,3.

Hiru lurraldeek goranzko bilakaera izan dute hilabete batetik besterako konparazioan. Araba dago buruan: industria ekoizpenak %6,5eko hazkundea izan du. Igoera apalagoa izan da Bizkaian (%2,3) eta Gipuzkoan (%1,9).

2020ko apirilarekin alderatuz gero, igoera %64,4 izan da. Baina kontuan izan behar da hilabete horretan industria jardueraren zati handi bat geldirik egon zela koronabirusari eusteko ezarritako neurriengatik.

Iazko apirilarekin alderatuta, bilakaera positiboa izan da industria sektore handi guztietan, eta, batez ere, ekipamendu ondasunetan: batez beste, %91,6 handitu da ekoizpena sektore horretako enpresetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.