kontu ekonomikoak

Industriak tira egin dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiari

Azken hiru hiruhilekoan gehien hazi den sektorea da. Familien kontsumoa eta inbertsioa ere nabarmen hazten ari dira.

Iker Aranburu.
2015eko irailaren 17a
12:39
Entzun

Eustatek gorantz berrikusi ditu uztailaren amaieran egoera ekonomikoari buruz emandako datuak. Orduan esan zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %0,8 hazi zela urteko bigarren hiruhilekoan aurrekoarekin alderatuta. Gaur, berriz, %1eko hazkundearen berri eman du. Urte arteko hazkunde tasa, berriz, hamarren bat igo du, %2,6tik %2,7ra.

Hazkundearen erritmoa bizkortu egin da aurtengo lehen hiruhilekoarekin alderatuz gero, orduan %0,6 hazi baitzen hiruhilearteko tasan, eta %2,2 urte artekoan.

Bizkortze horretan zerikusi handia izan du industriaren bilakaera onak. Eustaten arabera, -%0,3 uzkurtu zen urteko lehen hiruhilekoan, baina %3 handitu da bigarrenean. Arrazoietako bat izan daiteke Petronor berriro martxan dabilela, urte hasierako geldialdiaren ondoren. Baina hobekuntzak industria osoari dagokio: manufaktura-industria %1,3 hazi zen urteko lehen hiruhilekoan eta %1,8 bigarrengoan. 

Horrenbestez, industriaren urte arteko hazkunde tasa zerbitzuek dutenarekin parekatu da berriro ere: %3,1. Zerbitzuen artean,  bilakaera onena merkataritza, ostalaritza eta garraioak izan dute, %3,3koa alegia. Edonola ere, azken hiruhilekoan hazkundea pixka bat moteldu da, eta %0,8 hazi da (lau hamarren gutxiago).

Merkataritzaren eta ostalaritzaren hazkundeak kontsumo pribatuaren igoera erakusten du. Eskariaren aldetik neurtuta, etxeguneen kontsumoa ere handitzen ari dela dio Eustatek. Horrela, %1,7 handitu da aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero, eta konpentsatu du erakunde publikoen gastua %3,9 jaitsi izana. 

Kontsumo horrek enpresak inbertsioak egitera animatu ditu. Kapital eraketa gordina %1,8 handitu da iaztik, eta horren barruan bereziki ekipo ondasunetan egiten den inbetrsioa (%5,9). Hau da, industria bere ekoizpena handitzeko edo hobetzeko makina berrietan inbertitzen ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.