INDUSTRIA

Industriaren ekoizpenaren erorketa eten da martxoan

Eustaten datuek diote otsailetik martxora %2,5 handitu dela jarduera, eta urte arteko erorketa handia asko mugatu dela, otsaileko %5,6tik %0,9ra. 

Iker Aranburu.
2013ko maiatzaren 8a
13:24
Entzun

Aspaldiko partez datu ekonomiko txukun bat kaleratu du Eustatek. Haren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industriek jarduera handiagoa izan zuten martxoan otsailean baino. %2,5 gehiago, hain zuzen ere. Urte arteko tasa oraindik negatiboa da —%0,9 behera iazko martxotik aurtengora—, baina irakurketa positibo bat ere ahalbidetzen du. Izan ere, otsailean %5,6koa zen urte arteko jaitsiera, %5,4koa urtarrilean eta %5,5koa abenduan. Beste hitz batzuetan esanda, industriaren erorketa asko moteldu zela martxoan. Apirileko eta maiatzeko emaitzen zain egon beharko da erorketa koiunturala den ala benetan joera bat erakusten ote duen jakiteko. 

2013ko martxoko hil arteko aldakuntza, 2013ko otsailaren aldean, positiboa izan da ia industri talde handi guztietan. Ekipo-ondasunak %4,1 handitu dira, bitarteko ondasunak %3,1 eta energia %1,2; kontsumo-ondasunak %0,8 handitu dira otsailaren aldean. Azken horien barruan, kontsumo-ondasun iraunkorrak %10,5 handitu dira eta kontsumo-ondasun ez-iraunkorrak %3,3 txikitu. Araba, Bizkai eta Giipuzkoako industrian pisu handienetako bi sektoretan hazkundeak izan dira 2013ko martxoan aurreko urteko hil beraren aldean: zura, papera eta arte grafikoak %6,8 handitu dira, eta %5,5, berriz, makineria eta ekipoa %+5,5.

Urte arteko tasa negatiboari eusten diote Arabak (-%2,4) eta Bizkaiak (-%1,5), baina zenbaki positiboetara itzuli da Gipuzkoan (+%0,6). Hil arteko hazkunde-tasa positiboa izan da hiruretan: Araban, %0,6, Gipuzkoan, %4,7, Bizkaian %1,5.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.